Politika -
EAEko Fiskaltza Nagusia
Interneten ertzainak mehatxatzeagatik, inputazioak eskatuko dituzte
Juan Calparsoro EAEKo fiskal nagusiak adierazi duenez, Jone Amezagaren atxiloketarekin lotuta sare sozialetan mehatxuak egin dituzten hainbat lagun inputatzea eskatuko du
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak hainbat lagunen inputazioa eskatuko du, Jone Amezagaren atxiloketarekin lotuta sare sozialetan Ertzaintzako agenteen kontra mehatxuak egiteagatik.
SER irrati katean egin ditu adierazpenak Calparsorok, eta esan du Ertzaintzako sindikatuek dagoeneko bi salaketa jarri dituztela. Halaber, azaldu du atestatua egiten ari direla, eta hainbat lagun identifikatu dituztela jada.
‘’Nire izapideak eta Ertzaintzak aurrera eraman ditzakeenak auzitegietara eramango dira, eta norbait inputatuko da’’, adierazi du Calparsorok.
Fiskalak nabarmendu duenez, sare sozialen arazoa da ‘’jendeak ez duela kontuan hartzen foro publikoa dela, eta ezin duela nahi duena esan bertan’’. ''Irainak edo era horretako ekintzak, Interneten bada ere, foro publikoan egiten dira, eta hori delitua da’’.