Politika -
Elkarrizketa
Toñak helegitea jarriko du Gorenean gaitasungabetzeko epaiaren aurka
Ez zuela legearen kontrako ezer egin berretsi du, eta, 'izatekotan, akats bat' izan zela.
Erredakzioa
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur iragarri duenez, kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean Bizkaiko Auzitegiak administratzaile konkurtsal izateko ezarri zion gaitasungabetzearen aurrean.
"Helegitea jartzeak ez zuela merezi pentsatu nuen bere garaian, irizpide profesionalak kontuan hartuta, baina politikari gisa helegitea jarri beharra daukadala uste dut", adierazi du sailburuak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. Gainera, ez zuela legearen kontrako ezer egin berretsi du, eta, "izatekotan, akats bat" izan zela.
Lehendakariari epaiari buruzko informazioa ez jakinaraztearen harira, "akats politikoa" egin zuela aitortu du; izan ere, "ikuspuntu profesionaletik begiratuta ez dauka garrantziarik". Halaber, Urkullu ez zela haserretu eta euren arteko harremanean ez dela inolako aldaketarik izan nabarmendu du.
Sailburuaren esanetan, oposizioko talde batzuek lehendakaria eta Jaurlaritza ahultzeko erabili dute gaia, baina, horren iritziz, epaia "egiazkoa" bada ere, "ez dago gaia eraman den tokira eramateko arrazoirik".
Bestalde, gainerako sailburuek eta Euskal Autonomia Erkidegoko lau sindikatu nagusiek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) erakutsi dioten babesarekin indarberrituta sentitu dela adierazi du; izan ere, egungo sailburuak administratzaile konkurtsal moduan egindako lana babestu zuten, proiektu industrial bat eta enplegua defendatzen saiatu zelako.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu gisa egingo duen lanaz galdetuta, gazteen enplegua sustatzeko hainbat ekimen bultzatuko dituela azpimarratu du, eta horretara aparteko diru-partida bat bideratuko dela gaineratu du.
Horrez gain, enpresariek alor horretan duten garrantzia azpimarratu du, eta enpresen emaitzak hobetuz gero, langileen lan-baldintzetan ere hobekuntzak egiteko eskatu die enpresariei.