Politika -

Eguneko lerroburuak

Maiatzaren 6ko albisteak

Asteazkenari ekin aurretik ezagutu beharreko bost albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Legea ez da bideragarria"

EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk adostutako Etxebizitzaren Lege berria hizpide da oraindik. Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, proiektua dagoen horretan ezingo da kudeatu, eta bi arrazoi eman ditu horretarako: ekonomikoki ez da bideragarria eta arazo juridiko eta teknikoak ditu. Josu Erkorekaren hitzetan, legeak mundu osoko herritarrak erakar litzake, etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aldarrika bailezake edozeinek. Hala, proiektua erretiratzeko deia egin die hiru alderdi horiei. Sozialistekin ere haserre dagoela nabarmendu du Jaurlaritzaren eledunak, "bazkideak aldatu" dituelako aurrez Etxebizitza Legea EAJrekin negoziatzen ari bazen ere. Erkorekaren hitzei berehala erantzun diete EH Bilduk eta PSE-EEk. Beldurra eragitea egotzi diote eta Javier Marotok etorkinekin eta gizarte laguntzekin egindakoarekin alderatu dute.

Tortura kasu bat ez ikertzeagatik, beste zigor bat Espainiari

Tortura kasu bat ez ikertzeagatik zigorra ezarri dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Gobernuari. 2011n Guardia Zibilaren torturak jasan zituela eta Espainiak entzungor jardun zuela salatu zuen Jon Patxi Arratibelek; orain, babesa agertu dio Europako Auzitegiak. Zigorra jartzeaz gain, espetxeratze inkomunikatuetan auzitegiko medikuen azterketa hobetzeko eskatu dio Estrasburgok Espainiari.

Guardia Zibilak 2011n atxilotu zuen Arratibel Ekin erakundeko kide zelakoan. Hainbat egunez inkomunikatuta egon ostean, tortura fisikoak eta psikologikoak jaso zituela salatu zuen. Urte eta erdiz egon zen preso. Torturak jaso eta bi hilabetera salaketa jarri zuen Arratibelek epaitegietan, baina Nafarroako Lurralde Auzitegiak, Iruñeko Instrukzio Epaitegiak eta Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuten.

manifestacion contra la tortura - EFE archivos

Langabezia, behera

Apirilean jaitsi egin da langabeen kopurua eta igo Gizarte Segurantzako afiliatuena. Zehazki, Hego Euskal Herrian 6.021 lagunek lortu dute lana apirilean. Espainiako Estatuan, 118.000 langabe gutxiago zenbatu dituzte, inoizko jaitsierarik handiena. Aste Santuari esker izan da, hein batean, beherakada, ostalaritzak eta merkataritzak bultzatuta.

Sektore aeronautikoko lantegi berri bat, Bizkaian

Precicast Bilbao (PCB) enpresak lantegi berria eraikiko du Sestaon. 20 milioi euroko inbertsioa egin eta 200 lanpostu zuzen sortuko ditu, EiTBk jakin duenez. Fabrika berrian aeronautika merkaturako piezak egingo dituzte, eta Boeing eta Airbusekin arituko dira lanean. Gainera, Rolls-Roycerekin, Siemensekin eta Alstonekin ere negozioak martxan jartzea espero dute. Sestao Bai elkartearen lursail batean eraikiko dutela aurreikusi dute; hau da, Sestaoko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren lurretan.

Precicast Sestao solar EITB

Gurpegik Athleticen jarraituko du

Kiroletan, Osasuna eta Athletic dira albiste. Osasunak eta Enrique Martin Monrealek akordioa lortu dute, eta entrenatzaileak zuzenduko du talde gorritxoa denboraldia bukatu arte. Taldearen emaitzak kaskarrak izan dira azken jardunaldietan, eta klubak Jose Manuel Mateo kargutik kentzea erabaki zuen astelehenean. Mateo ordezkatzeko hautagai bakarra Martin Monreal bera izan da hasieratik.

Athletic Clubek eta Carlos Gurpegui jokalariak (35 urte egingo ditu aurten) kontratua luzatzea erabaki dute. Horren arabera, 2016ko ekainaren 30era arte izango da Gurpegui klubeko jokalaria. 2002an ekin zion talde zuri-gorrian, eta 400 partida ofizial jokatu ditu ordudanik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak