Itxi

Politika

ANDOAIN

Andoaingo bozketan 'prebarikazioa' egon ote zen ikertuko du Fiskaltzak

eitb.eus

EAJko zinegotzi batek hautsi egin zuen zuzendaritza jeltzaleak PSE-EErekin adostutako akordioa, eta EH Bilduri eman zion Alkatetza.

3:42

Andoaingo (Gipuzkoa) alkatearen izendapenean "prebarikazioa edo xantaia" egon ote zen argitzeko ikerketa abiatu du Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak.

Joan den astean, EAJk eta PSE-EEk akordio orokorra hitzartu zuten, bozketetan elkarri babesteko, baina, Andoainen, zinegotzi jeltzale batek ez zuen Maider Lainez hautagai sozialistaren alde bozkatu, eta, ondorioz, Ane Karrere EH Bilduko zerrendaburuak bereganatu zuen Alkatetza.

Calparsororen esanetan, "baliteke hautetsi horrek motibazio bidegabea eduki izana, edota askatasun gabe edo delitu baten (xantaia, mehatxuak…) biktima izanda jardun izana".

Fiskalburuak gogorazi duenez, bozketaren emaitza "ez dator bat udal taldeek adostutakoarekin", eta ustez ituna urratu zuen zinegotzi jeltzaleak "ez du aitortu" bere alderdiak emandako agindua bete ez izana.

"Terrorismoak bereziki astindu du Andoain, eta krispazio handia egon da; xantaia eta mehatxuak ugariak izan dira herri horretan, eta mina ez da oraindik desagertu", adierazi du Fiskaltzak.

Calparsorok zalantzan jarri du alkateak aukeratzeko bozketetan botoa sekretua izan behar izatea, horrela "errazagoa" baita "ustelkeria kasuak edo engainuak" gertatzea.

"Ezin da hipotesirik baztertu, denak daude zabalik. Estatuko beste hainbat hiritan eta erkidegotan antzeko kasuak jazo dira, eta, antza denez, ustelkeria ekonomikoa izan da kausa, tamayazoan gertatu zen bezala", esan du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena