Politika -

'Erabakizaleak'

100 legelarik baino gehiagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriaren “etorkizun politikoa demokratikoki” erabakitzeko kontsulta bat ahalbidetzeko konpromisoa hartu dute Eusko Legebiltzarrean.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

114 euskal legelarik erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, "Erabakizaleak" lan-taldearen izenean, eta "ekarpen" gisa aintzat hartzeko eskatu dute. Euskal Herriaren "etorkizun politikoa demokratikoki" erabakitzeko kontsulta bat ahalbidetzeko konpromisoa hartu dute testuan.

Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari aurkeztutako testua Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide ohi jeltzaleak, Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzaleak, Ignacio Ormaetxe Barne sailburuorde ohiak, Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak eta Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatuen Kolegioko dekano ohiak sinatu dute.

Horiez gain, Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduren parlamentariak, Koldo Irurzun Kirolaren Administrazio Auzitegiko kideak, Eneritz Zabaleta Paueko Zuzenbide Unibertsitateko irakasleak eta Joxean Lozano eta Iñigo Santxo abokatuek ere babestu dute adierazpena, beste batzuekin batera.

Bizkaiko Abokatuen Kolegioan erabakitzeko eskubidearen inguruan egindako jardunaldi batzuetan oinarritzen da adierazpena, hortik sortu baitzen "Erabakizaleak" taldea, gaiaren inguruan eztabaidatzeko osatua.

Testuan azaldu dutenez, taldea "anitza eta askotarikoa" da, eta gaia euskal legelarien artean "sozializatzea" du helburu, "eztabaidari beste ikuspegi batetik ekarpenak egitea"z aparte.

Astearte honetan aurkeztutako testuan adierazi dutenez, Euskal Herriko komunitate politikoak "autogobernatzeko borondatea" erakutsi du, "aurrera egiteko ongizatean eta berdintasunean, eta kultura propioa eta nortasun kolektiboa indartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak