Politika -

Mobilizazioak Jon Anzaren alde

Terrorismoa goratzea leporatu diote Jon Anzaren senide bati

Horrenbestez, Ertzaintzaren aurrean deklaratu beharko du joan den igandeko manifestazioaren amaieran irakurritako testuagatik. Manifestazioaren atestatua ANra igorriko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Alkiza Jon Anzaren senidea da eta terrorismoa goratzea leporatzen diote, joan den igandean Donostian burutu zen manifestazioaren ostean irakurritako adierazpenagatik.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, martxa egiteko baimena berak eskatu zuenez azalpenak eman beharko ditu orain Ertzaintzaren aurrean.

Herrizaingo Saileko iturriek azaldu dutenez, espedientea ireki diote Donostiako manifestazioan erabaili ziren leloen ondorioz.

Mobilizazio horretan lelo ezberdinak oihukatu ziren, tartean, "Rubalcaba hiltzaile" bezalakoak eta PSOEren kontrakoak. Manifestazioan bildutako milaka lagunek Estatu Segurtasun Indarrei egotzi zieten Jon Anzaren desagertzearen eta heriotzaren ardura.

Manifestazioaren biharamunean, astelehenean, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak iragarri zuen martxaren atestatua Auzitegi Nazionalera bidaliko zutela "delitua izan daitekeelako".

Bi atxilotu ostegunean

Bestalde, atzo hiri eta herri ezberdinetan mobilizazioak egin ziren Jon Anzaren oroimenez eta gertatutakoa argitzeko exijituz. Laudion egindako elkarretaratzean gizonezko bat atxilotu zuten, poliziaren eta ordezkari politikoren baten aurkako oihuak egiteagatik. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, aske utzi dute.

Bilbon, berriz, istiluak izan ziren atzo iluntzean, Indautxu inguruan, Anzaren aldeko elkarretaratze bat amaitu eta gero. Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen, istilu horietan parte hartu izana leporatuta. Gaur, 10:00etan, oraindik Ertzaintzaren esku zegoen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea