Politika -
Politika
EA eta ezker abertzalea alderdien iritziak biltzen ari dira
Euren proposamen politikoaren inguruan iritziak biltzeko, alderdi eta sindikatuekin harremanetan ari diela onartu dute.
Erredakzioa
EAk eta ezker abertzaleak baieztatu egin dute alderdi, sindikatu eta elkarteekin bilerak egiten ari direla euren proposamen politikoaren inguruan iritziak biltzeko, "euskal gizartearen eskubide guztiak errespetatze aldera" aurrera egiteko asmoz.
Gaur zabaldu denez, ezker abertzalea alderdien iritziak bildu nahian ari da nazioarteak behatuko lukeen su-eten bat aurreikusten duen txosten bati buruz.
Agiri bateratu batean EAk eta ezker abertzaleak zehaztu dutenez, aipatu txostena "Lortu Arte" akordiotik (ekainaren 20an Euskalduna Jauregian aurkeztu zuten) garatu dute.
Horien esanetan, testua biek sinatu dute eta "egungo egoera politikoa gainditu eta Euskal Herria bake eta normalizazio politiko garaian sartzen lortzea" du helburu.
Idatzian, "eskubide guztiak" errespetatze aldera aurrera egiteko alderdiei proposatzen dizkieten baldintzak garatu dituzte.
Ezker abertzaleak ez du NaBairekin "lehiatu" nahi
Bestalde, NaBairekin politikoki "lehiatu" nahi ez duela adierazi du ezker abertzaleak, eta "denon indarrak bilduta, eskuinari Nafarroako Gobernua demokratikoki" kentzea helburu dutela zehaztu du.
Horrenbestez, gaurtik aurrera, herritarrei eta ezkerreko erakunde abertzaleei agertoki berri hori lortzeko beste alderdiekin izandako elkarrizketen berri emango diela iragarri du ezker abertzaleak, euren webgunea, sare sozialak, bilerak eta solasaldiak erabiliz.
"Gizartean eta instituzioetan inflexio-puntua izango den akordioa lortu nahi dugu erakunde politikoekin, sozialekin eta sindikalekin", esan du Marine Pueyo Iruñeko zinegotziak, eta edukien inguruko "epe luzerako hitzarmena" dela gaineratu du.