Politika -

Euskadira transferitzeke

Espetxeen eskuduntzaren transferentzia aurten izatea ez du baztertu De Andresek

Batzorde misto batean norberak bere ikuspuntua eman eta negoziazioetan aurrera egin ahal izatea espero du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Eskakizun guztiak aztertu behar dituztela esan du.

Javier de Andres, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EFE
Javier de Andres, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EFE
Javier de Andres, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte Segurantzaren eta espetxe-sistemaren kudeaketaren inguruan oraindik Eusko Jaurlaritzari transferitzeke dauden eskuduntzak gauzatu daitezkeela uste du Javier de Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Ildo horretatik, batzorde misto batean norberak bere ikuspuntua eman eta negoziazioetan aurrera egin ahal izatea espero du, Kataluniako egoera politikoak gai horien inguruko elkarrizketak "atzeratu" baititu.

Irailean, Gernikako Estatutuan jaso diren eta oraindik transferitu ez diren gaien zerrenda egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Txosten horren arabera, gaur egun 37 eskumen falta dira Euskadira transferitzeko, eta, horietatik, Jaurlaritzak bi eskumen lehenetsi zituen: espetxe-sistema eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa. De Andresek astearte honetan ziurtatu duenez, Mariano Rajoyren Gobernua txosten horren azterketa "zorrotza" egiten ari da.

Hala, Gizarte Segurantzaren "kudeaketan eta antolaketan batasuna" errespetatu behar dela "onartzen badu", Eusko Jaurlaritzarekin akordioak lortu daitezkeela esan du De Andresek. "Betiere Konstituzioa errespetatuz", gaineratu du.

Dena dela, espetxe-sistemaren kudeaketarekin lotutako materia batzuk dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren esku daudela nabarmendu du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, euskal espetxeetako osasunaren eskuduntzari aipamen eginez. Ildo horretatik, transferitu daitezkeen beste eskuduntza batzuk daudela esan du.

Alabaina, Eusko Jaurlaritzak egindako eskakizun guztiak "xehetasunez" aztertu arte ez dela "egokia" baloraziorik egitea azpimarratu du  De Andresek.

Espainiako segurtasun indarren inguruan

Beste alde batetik, Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak Euskadin dituen agenteak bertatik joateko eskaera ez dela berria esan du. De Andresen arabera, "Estatu osoan segurtasuna bermatzeko" lan egiten dute, eta, EAEn, ez dago poliziarik "soberan".

AHT

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Gasteiz-Burgos tartea mistoa izateko Sustapen Ministerioak “zailtasun teknikoak” aurkitu ostean, tarte horretan bidaiariak bakarrik garraiatuko ditu. Iñigo Urkullu lehendakariak erabaki hori kritikatu zuen.

Eusko Jaurlaritzari tarte horretan aurkitutako "zailtasun teknikoen" berri eman ziotela ziurtatu du De Andresek. Dena dela, tarte hori mistoa izateko Espainiako Gobernua beste aukera batzuk aztertzeko prest dagoela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea PP Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken orduko albistea