Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Alderdiekin biltzen hasiko da gaur Artur Mas
Masen hitzetan, bere agintaldian Katalunia "serio eta koherentea" izango da, eta errespetua "erakutsi eta zor izango du".
Artur Mas Generalitateko presidente birtualak ez die konfiantzarik eman PSOEri eta Espainiako Gobernuari. Datozen lau urteotan, "Kataluniak Espainiari lagunduko dio, beti bezala, baina berak ere laguntza eskatuko du", esan du Masek. Asteartean gainerako alderdiburuekin hasiko du Masek bilera sorta, "elkarrizketarako zubiak" eta kolaborazio bide berriak zabaltzeko.
CiUko batzorde nazionalaren lehen bileraren ostean, Masek "jarrera eraikitzailea, positiboa eta elkarrizketarako irekia" agintaldi osoan mantenduko duela esan du. Josep Antoni Duran Lleida CiUko idazkari nagusiarekin agertu da Mas hedabideen aurrean.
Asteartean Masek abian jarriko duen bilera sortan gainerako alderdiek beraien ideiak emateko aukera izango dute. Bilera sorta hori Jose Montilla edo PSC alderdiak izendatzen duen ordezkoarekin hasiko da.
Ekonomia sustatzeko eta Katalunia krisitik ateratzeko alderdi guztien parte hartzea espero duela esan du Masek; izan ere, "eurak ez dira egia absolutuaren jabe". "Besteek erabakiko dute Kataluniako Gobernuari laguntzen dioten ala ez. Gugatik ez da izango", esan du.
Ekonomia eta langabeziaren aurkako borroka; hezkuntza; Katalunia eta Estatuaren arteko harremana; eta kontzertu ekonomikoaren barneko itun fiskala izango dira Masen lehentasunak.
Bestalde, Politikako Urteko Protagonisten saria jasotzean egin ditu adierazpen laburrok Masek. Bertan, Alfredo Perez Rubalcaba ere saritu dute, baina behar baino lehenago Espainiako Gobernuarekin "kointzidentziarik ez ikusteko" eskatu du Masek, nahiz eta astelehen honetan batera izan diren. Era berean, Rubalcabak bilera laburra izan du Josep Antoni Duranekin (CiU), mikrofonoetatik urrun.
Dena den, Masen hitzetan, bere agintaldian Kataluniak "serio eta koherentea” jokatuko du, eta errespetua “erakutsi eta zor izango du”.
Era berean, barkamena eskatu du sari horien harira antolatutako bazkaritik arin joateagatik; izan ere, arratsaldean lan ugari zuen Duranekin.