Politika -
ETA-ren amaiera
PSE-EE: 'ETAren amaiera berandu iritsi da, eta biktimei barkamenik eskatu gabe'
Halaber, "hainbat urtez ETAri babes politikoa eman dion ezker abertzaleari" deia egin dio, "terrorismoarentzat inoiz justifikaziorik egon ez dela onar dezan".
Agentziak | Erredakzioa
PSE-EEk ETAren amaiera "berandu" datorrela deitoratu du, eta "egin behar zuena egin gabe, kalte bidegabea onartu gabe, biktimei barkamenik eskatu gabe eta bere iraganari uko egin gabe". Halaber, "hainbat urtez ETAri babes politikoa eman dion ezker abertzaleari" deia egin dio, "terrorismoarentzat inoiz justifikaziorik egon ez dela onar dezan".
Idoia Mendia idazkari nagusiak euskal sozialisten batzorde exekutiboak adostutako deklarazioa irakurri du ostegun honetan, ETAk bere amaiera iragarri ostean. PSE-EEren egoitzan, Bilbon, egin dute agerraldia, eta zuzendaritza sozialista osoa izan da bertan. Guztiek lazo urdin bat eraman dute, ETAren biktimak gogorarazteko.
Mendiak azaldu duenez, "min eta sufrimenduko historia luze bati amaiera jartzea" baloratu dute euskal sozialistek, baina "berandu dator" biktimentzat eta gizarte osoarentzat; "ohiko gezurrekin eta zentzugabekeriekin egin da gainera", esan du. "Hiltzeko erabakia beti ETArena izan dela gogorarazi nahi dugu, eta hor oinarritzen dela bere krimen guztien erantzukizuna", esan du.
PSEko idazkari nagusiak pertsona guztiak eta bereziki sozialistak oroitu ditu, "haien esfortzuarekin duela ia zazpi urte askatasuna lortzen lagundu dutenak". Halaber, alderdiak "bizikidetzaren alde lan egiten jarraituko" duela azpimarratu du, "terrorismoarentzat inoiz justifikaziorik egon ez dela argi uzteko".
Geroago, exekutiba sozialistak adostutako deklarazioa irakurri du Idoia Mendiak. ETAgandik espero zuten komunikatu "bakarra beldurrezko historiari amaiera jartzen diona" dela nabarmendu du, baina "berandu dator, batik bat biktimentzat". "Salbuespenik gabe" oroitu dituzte azken horiek.