Politika -

Lehen eguna ETA barik

Nazioarteko pertsona ospetsuek ETAren amaiera ziurtatuko dute gaur, Kanbon

Bilera 12:00etan hasiko da. Adierazpenaren irakurketa 13:00etan izatea espero da. Emakume gazte batek irakurriko du 'Arnagako Adierazpena', “Euskal Herriko etorkizun berriaren ordezkari bezala”.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da Kanboko (Lapurdi) Arnaga etxean. Argazkia: Wikipedia
Ekitaldia 12:00etan hasiko da Kanboko (Lapurdi) Arnaga etxean. Argazkia: Wikipedia
Lehen iritsierak Arnaga etxera

1:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko pertsona ospetsuek, besteak beste, Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohiak eta Jonathan Powell Tony Blair lehen ministro ohiaren aholkularia zenak, ziurtatuko dute gaur ETAren amaiera Kanbon (Lapurdi). 12:00etatik aurrera, Arnaga etxean bilduko dira. Gonbidatuak heltzen ari dira.

'Euskal Herriko Gatazkaren Konponbidean aurrera egiteko Nazioarteko Bileran' 89 gonbidatuk parte hartuko dute. Adierazpenaren irakurketa 13:00etan izatea espero da. Brian Currin, Raymond Kendall eta Alberto Spektorowsky Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek, Anais Funosas Bake Bideko presidenteak eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak hitza hartuko dute.

Emakume gazte batek irakurriko du 'Arnagako Adierazpena', "Euskal Herriko etorkizun berriaren ordezkari bezala".

ETAren bukaerari sinesgarritasuna eta erakundearen azken adierazpenari bermea emateko asmoa du ekitaldiak. EAJ, EH Bildu eta Podemos Euskadiren ordezkariak bertan izango dira, baita sindikatuak eta gizarte eragileak ere.

Nazioarteko beste agintari batzuk ere ekitaldian egotea espero dute, Cuauhtemoc Cardenas Mexikoko PDR alderdiaren sortzaile eta hiru aldiz presidentegaia esaterako, prozesuko iturriek jakitera eman dutenez.

Ekitaldia Aieteko Konferentziaren (2011ko urriaren 17 egin zuten Donostian) antzera diseinatu dute. Horrela, ekitaldia Brian Currin Hegoafrikako abokatuak zuzendutako Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bidea elkarteak antolatu dute.

Currinek biktimen, bizikidetzaren eta presoen gaiak konpontzea eskatu zuen ostegunean, ETAren desegitearen berri izan ondoren. Currin Loiuko aireportura heldu zen ostegunean, Kanbora joateko gero. Bilboko aireportura heltzean, ETAren azken agiria izan zuen hizpide Currinek. "Irtenbide bat eman beharreko zenbait kontu daude oraindik", adierazi zuen ETBn.

Brian Currin: "Landu beharreko indarkeriaren ondorioak geratzen dira"

"Landu beharreko indarkeriaren ondorioak geratzen dira, biktima, elkarbizitza eta presoekin lotutako arazoak, esaterako. Ondorio horiek guztiak oso garrantzitsuak dira", erantsi zuen.

Aieteko Konferentzian, 2011n, parte hartu zuten guztiak gonbidatu dituzte antolatzaileek, ETAren desagerpen prozesua maila bereko ekitaldi batekin ixteko saiakeran, baina azkenean Donostiako bileran egon zen agintari esanguratsu bat, Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohia, Kanbon izango ez dela ematen du .

KANBO EFE

Arnaga etxea (Kanbo, Lapurdi). Argazkia: EFE

Gonbidatuak

Ipar Euskal Herriko buruzagi politikoak, aldiz, bertan egongo dira, Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea buru. 2016ko apirilaren 8an armagabetze ekitaldia babestu zuen Etchegarayk.

Gonbita zuhurtziaz hartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta ez dute Kanbora ordezkaririk bidaliko. EAJk, baina, goi mailako ordezkaritza bidaliko du ekitaldira: Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea, Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza idazkaria eta Pako Aizmendi Ipar Buru Batzarreko (IBB) presidentea.

Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidentea ere gonbidatu dute antolatzaileek, "gatazka konpontzeko aldez aurretiko saiakeretan parte hartzeagatik", Lizarrako Akordioaren negoziazioan.

EH Bilduk Arnaldo Otegi buruzagia, Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Aldolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentariak bidaliko ditu.

Henri Dunant Fundazioko ordezkariak (ETArekin izandako elkarrizketa prozesuan parte hartu zuen), Jesus Eguiguren buruzagi sozialista ohia, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko eta Egiaztatzaileen Taldeko kideak (armagabetzean parte hartu zuten iaz) ere izango dira bertan.

Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea, Max Brisson LRko (Les Republicains) senataria, Frederique Espagnac PSko senataria, Florence Lasserre eta Vincent Bru Modemeko diputatuak eta Alain Iriart Hiriburuko alkatea ere topagunean izango dira.

Eugenio Etxebeste Antxon ETAko kide ohia eta Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia gonbidatuen artean daude.

12:00etatik aurrera, Arnaga etxean bilduko dira. Edmond Rostand idazleak, Cyrano de Bergerac-en egileak, 1903an eraiki zuen Arnaga etxea. Bilera bukatu ondoren, azken adierazpen bat irakurriko dute nazioarteko agintariek. Cardenasek agiria gaztelaniaz irakurtzea espero da.

Azken agiri horren xehetasunik ez dute jakinarazi, baina testua ETAren amaierari sinesgarritasuna eta bermea ematen saiatuko omen da.

GERRYADAMSDEF

Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohiaren iritsiera. Irudia: EiTB

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Nafarroa Iparraldea ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa ETA EH Bildu Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Bakea Euskadin