Politika -

Estatuko Aurrekontuak

Otegi: 'EAJ noraezean dabil, norekin eta nora joan nahi duen jakin gabe'

Gezurretan aritzea leporatu dio EAJri, besteak beste, Espainiako Gobernuaren aurrekontuak "euskal gizartearen gehiengoaren izenean" babestu dituela eta orain 155. artikulua kenduko dutela esateagatik.

Otegi: 'EAJren lokomotorak ez du norabide garbirik'

0:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gogor kritikatu du EAJ atzo Diputatuen Kongresuan egindako bozketan Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak babesteagatik eta gezurretan aritzea leporatu dio.

"EAJ noraezean dabilen alderdia da, ez daki norekin eta nora joan duen", adierazi du. "Dena ez dago salgai, dena ezin daiteke termino monetarioetan neurtu; herri baten etorkizuna ezin da hipotekatu epe laburrean balizko onura ekonomikoak izatearen truke", erantsi du.

Katalunian egindako polizia-operazioa ere izan du hizpide eta atxilotuei elkartasuna helarazi die Otegik. Estatuko Aurrekontuak onartu eta biharamunean atxiloketak egon izana "kasualitatea ez" dela esan du.

Atzoko bozketan EAJk bere interesen alde aritu zela esan du Otegik. "EAJk atzo ez zuen euskal gizartearen gehiengoa ordezkatu, bere burua ordezkatu zuen soilik", kritikatu du.

"Gu Kataluniarekin eta Kataluniako Errepublikarekin gaude. Atzo Diputatuen Kongresuan gertatu zena ez zen gure izenean egin, ezta euskal herritarren gehiengoaren izenean ere", berretsi du.

Ildo horretan, Otegik gogoratu du Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak Espainiako Aurrekontu Orokorrak ez onartzearen alde bozkatu zutela. Beraz, "ez dute esan gehiengoa ordezkatzen zutela".

EAJren jarrerak "ondorioak" izango dituela ohartarazi du, "batzuk berehalakoak izango dira eta beste batzuk epe ertainean edo luzean ikusiko ditugu".

Halaber, hitza ez betetzea egotzi dio, Katalunian 155. artikulua indarrean dagoen bitartean Estatuko Aurrekontuak babestuko ez zituela agindu zuelako. Hitza ematea "euskal identitatearen ikurra" dela eta emandako hitza janda "herri honen marka zikindu" izana leporatu dio.

Bestalde, Espainiako Gobernua babestuta Ciudadanosek Kataluniaren edo Euskal Herriaren kontrako politikak bultzatzea saihesten dela esatea "gezurra" dela adierazi du. "Albert Riveraren alderdiak agintzen baitu jada Estatuan".

Era berean, Katalunian 155. artikulua laster kenduko dutela esatean EAJ "gezurretan" ari dela ohartarazi du. "155. Artikulua gelditzeko etorri da, nominalki izan edo ez; eta horrek esan nahi du demokrazia mugatua eta autoritarioa dugula, hainbat gauza planteatu ere ezin daitezkeelako egin", azaldu du.

Horrela bada, atzoko urratsarekin Katalunian edo Euskal Herrian "gatazka nazionalak demokratikoki konpontzeko elkarrizketa politikorako aukera" ireki dela pentsatzea "ilusioa" baino ez dela uste du Otegik. "Estatuaren apustua garbia da eta horrelakorik ez da emango", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PP Espainiako Gobernua EH Bildu Albisteak