Politika -
7 urte, oposizioan
Masek leialtasuna agindu dio Kataluniako herriari bere kargu-hartzean
"Independentzia" oihu artean agurtu dute president berria Generalitateko balkoira irten denean. Katalunia nazio izatea nahi duela esan du, baina krisiari aurre egitea lehentasun duela azpimarratu du.
Erredakzioa
Artur Masek "leialtasun osoa" agindu dio Kataluniako herriari Generalitateko presidentaren kargu-hartzeko ekitaldian, Generalitateko Sant Jordi Aretoan.
Nuria Gispert Parlamenteko presidenteak izandapenaren errege-dekretua irakurri du eta president kargua uzten duen Jose Montillaren hitzaldiaren ostean, Kataluniako gobernuaren 129. president karguaren zina egin du Masek.
President berriaren domina jarri dion Jose Montillaren hitzak eskertu ditu Masek bere hitzaldian.
Katalunia nazio izatea nahi duela adierazi du Masek, baina krisiari aurre egitea lehentasun duela azpimarratu du.
Ekitaldiaren ostean, president berria Generalitateko balkoira irten da eta Sant Jaume plazan bildutako milaka lagunek "independentzia" oihu artean agurtu dute. Masek "Visca Catalunya" aldarrikatu ondoren, ''Els Segadors'' Kataluniako himnoa abestu du.
Govern berria
Masek jada bere Gobernua osatzen ari da, besteak beste, Ferran Mascarell Pasqual Maragallen Governeko Kultura kontseilariak baietza eman dio Artur Masen eskaintzari eta Kultura kontseilari izango da CiUren Gobernuan, CiUko iturriak aipatuta Efek jakitera eman duenez.
Inbestidura-ekitaldia, Parlamentuan Kataluniako Parlamentuak Artur Mas CiUren buruzagia izendatu du Generalitataren presidente berri 62 diputaturen babesarekin, PSCren 28 diputatuen abstentzioarekin eta PPCren, ERCren, ICV-EUiAren, Solidaritaten eta Ciutadansen 45 diputatuen kontrako botoekin.
Kataluniako salbatzailea barik, bere burua zerbitzaritzat duela esan zuen bere hitzaldian. Presidente "zintzoa, eraginkorra eta bere herrialdearen eta jendearen maitalea" izan nahi zuela gaineratu zuen eta Jordi Pujoli eskerrak eman zizkion CiUko buru izendatzeagatik.