Politika -
Ika-mika
Del Burgok barkamena eskatu dio Sabino Arana Fundazioari
Politikari nafarrak adierazi zuenez, EAEko enpresa handi guztiek finantzatzen dute EAJren Fundazioa. Orain hitzok zuzendu ditu eta 'akats' bati egotzi dizkio. Gainerako 'gogoeta politikoei' eutsi die.
Agentzia | Erredakzioa
Jaime Ignacio del Burgo PPko diputatu eta senatari ohi nafarrak barkamena eskatu dio Sabino Arana Fundazioari atzo EAJren fundazioaren finantzazio iturrien inguruan esan zuenagatik. Del Burgok adierazi zuenez, "EAEko enpresa handi guztiek finantzatzen dute Sabino Arana Fundazioa". Gaur, baina, atzera egin eta adierazpenak "akatsa" izan zirela nabarmendu du.
PPk Del Burgo izendatu du alderdiko ordezkari estatutu berria sortzeko zirriborroa egingo duten adituen talderako.
Diario de Navarra egunkariari elkarrizketa polemikoa eskaini zion Del Burgok igandean. Besteak beste, "EAJk ETAren jardunari probetxu atera dio" eta "Sabino Arana Fundazioa euskal enpresa handiek finantzatzen dute", esan zuen. Azken horri dagozkionak zuzendu ditu politikariak, ohar batean.
"Sabino Arana Fundazioaren kontura esan nuena zuzendu behar dut, okerreko iturriak izan nituen. Egindako akatsa deitoratzen dut, eta barkamena eskatzen diot Fundazioari. Nire gainerako gogoeta politikoei eusten diet", adierazi du.
Del Burgoren adierazpenekin asaldatuta azaldu zen Andoni Ortuzar EAJren presidentea. Buruzagi jeltzalearen ustez, "horren hitzek ezgaitu egiten dute edozein erakunde parlamentariotan egoteko, eta oso argi uzten du zeintzuk diren PPren asmoak Estatus Berrirako: autonomien aurreko arora itzultzea, Del Burgo eta Erregimeneko horren lagunak lasai ederrean ibiltzen ziren garaira".