Politika -

OVER AUZIA

Matasek hiru delitu aitortu ditu eta espetxearen ordez isuna ordaintzea onartu du

Balear Uharteetako presidente ohiaren defentsak eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak akordioa lortu dute. Diru publikoa Over Marketing enpresari 'mesede' egiteko erabili izana onartu du.

Jaume Matas eta Jose Maria Rodriguez 'Over auziko' epaiketan. Argazkia: EFE
Jaume Matas eta Jose Maria Rodriguez 'Over auziko' epaiketan.
Jaume Matas eta Jose Maria Rodriguez 'Over auziko' epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Over auziko epaiketan, Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohi eta Ingurumen ministro ohi popularrak Fiskaltzak egozten zizkion delituak —prebarikazioa, iruzurra eta dirua bidegabe erabiltzea— aitortu ditu, eta isun batekin ordezka daitekeen bi urte eta erdiko espetxe zigorra onartu du.

Gaur hasi da Over auziko epaiketa Palmako Auzitegian. Monica de la Serna epaimahaiko presidenteak "egitateak, kalifikazio juridikoak eta zigor eskaerak" onartzen dituen galdegin dio, eta Matasek "guztiz" onartzen dituela erantzun du.

Jaume Matasen defentsak eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak akordioa lortu dute Over auziko hiru azpiataletan (Palma Arena auziaren 27. atala), eta diru publikoa Over Marketing enpresari 'mesede' egiteko erabili izana onartu du.

Akusazioaren idatziaren arabera, Fiskaltzak lau urteko kartzela-zigorra eta hiru hilabeteko gaitasungabetzea eskatzen zuen Matasentzat prebarikazio delituagatik, urtebeteko kartzela-zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea, iruzurragatik; eta urtebete eta erdiko kartzela-zigorra eta hiru urteko gaitasungabetzea, dirua bidegabe erabiltzeagatik.

Iturri juridikoen arabera, kartzela-zigorrak 18.000 euro inguruko isun batengatik ordezkatzea eskatu dute.

Herri-akusazio gisa ari den Balear Uharteetako Gobernuaren abokatuak bat egin du eskariarekin. Mariangeles Berrocal abokatuak azaldu duenez, Matasek 10.000 euro inguru sartu ditu autonomia erkidegoko kontu korrontean, "erantzukizun zibil gisa".

Matas hiru urte zortzi hilabeteko kartzela-zigorra betetzen ari da Aranjuezko kartzelan, Noos auzian ezarri zioten zigorragatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Ustelkeria politikoa gaur Albisteak Gaur Eguneko albisteak Espetxe politika