Politika -

ETA-REN AMAIERA

ETAk 758 heriotza eta 2.606 ekintza hartu ditu bere gain, azken 'Zutabe'an

Apirileko data du testuak, ETAk bere behin betiko amaiera iragarri baino hilabete lehenagokoa. Espainiako Barne Ministerioak 853 hildako egotzi izan dizkio.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk bere historiaren balantzea egin zuen azken Zutabe aldizkarian, 2018ko apirilean argitaratutako testuan, eta 758 heriotza eta 2.606 ekintza hartu zituen bere gain. Gaur argitaratu du Gara egunkariak "Euskadi Ta Askatasunaren eztabaida 2017-2018. Ondorio txostena" dokumentua.

Apirileko data du dokumentuak, ETAk bere behin betiko amaiera iragarri baino hilabete lehenagokoa.

Zehazki, ETAk 758 heriotza eta 2.606 ekintza armatu aitortu ditu, Espainiako Barne Ministerioak egotzi dizkionak (853 hildako) baino dozenaka gutxiago.

Bestalde, ETAk bere gain hartu ditu orain arte aitortu gabe zeuden bi ekintza armatu eta 16 heriotza: hiru hildako 1981ean Tolosan, poliziekin nahasi ostean, eta 13 hildako 1974an Madrilgo Correo kaleko kafetegi batean izandako leherketan.

Halaber, ekintza eta kanpaina batzuen inguruko datu berriak eman ditu, tartean, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiaren kontra egindako lau atentatu saiakerei buruzkoak. Gainera, ETAk azaldu duenez, Meliton Manzanasen aurkako atentatua Txabi Etxebarrietaren heriotzaren erantzun gisa ulertu izan bazen ere, aurrez erabakita zuen atentatua egitea, "terrore frankistaren" erantzun gisa.

Bahiketei dagokienez, Jose Maria Aldaia enpresariaren (342 egun) eta Cosme Delclaux oligarkaren (232 egun) bahiketak presio polizialak eragindako zailtasun tekniko eta operatiboengatik luzatu zirela adierazi du.

Azkenik, Hipercorreko atentatua bere akatsik eta ezbeharrik handiena izan zela onartu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak ETA Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Bakea Euskadin