Politika -
Botere Judizialaren Kontseilua
Marchena epaileak uko egin dio Botere Judizialaren buru izateari
PSOEk eta PPk joan den astean adostu zuten haren hautagaitza. Gaur, ordea, epaileak berak errefusatu du, 'independentzia' aldarrikatuta. Erabakiak aurrez aurre jarri ditu PP eta PSOE.
Agentziak | Erredakzioa
Manuel Marchena epaile kontserbadoreak uko egin dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) eta Auzitegi Goreneko presidente izateari. PSOEk eta PPk joan den astean adostu zuten horren hautagaitza, baina magistratuak berak errefusatu du azkenean. Astearte honetan hedabideetara bidalitako ohar batean, bere "independentzia" aldarrikatu du eta PP-PSOEren ituna baztertu.
Marchena Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salako presidentea da gaur egun. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente izateari uko eginda, Kataluniako prozesuaren epaiketa zuzentzeko ardura izango du epaile kontserbadoreak (Martinez Arrieta epaileak ordezkatu behar zutela iragarri zuten).
"Azken egunotan Auzitegi Goreneko eta BJKNko presidente izateko nire izena aipatzen duten albisteen aurrean, zehaztapenak egiteko beharra" ikusi du epaileak, eta horretarako kaleratu du agiria.
"Inoiz ez dut ulertu jurisdikzio-funtzioaren jarduna auzi baten ondorioak kontrolatzeko aukera politiko jakin baten tresna gisa", adierazi du.
Hartara, Marchenak bere karrera judizialean izandako "independentzia" aldarrikatu du. "Auzitegi Gorenean azken urteetan ebatzi ditudanak aztertuta, argi dago ez naizela inoiz politikaren menpe egon", erantsi du.
Marchenaren esanetan, "epaile gisa eduki dudan ibilbidean independentzia izan dut lege".
Erreakzioak
Epaileak bere erabaki horren berri eman ostean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko lortutako akordioa bertan behera utzi duela jakinarazi du Alderdi Popularrak, eta Marchenak kargu horri uko egin badio Espainiako Gobernuaren erruagatik izan dela adierazi du.
Popularren iritzian, Marchenak "erabaki egokia" hartu du, eta Espainiako Gobernuak "arduragabekeriaz" jokatu du negoziazioaren xehetasunak jakinarazita.
Pablo Casado buru duen alderdiak iragarri duenez, BJKNko presidentea aukeratzeko sistema erreformatzearen alde egingo du.
Bestalde, Pedro Sanchez buruzagi sozialista eta Espainiako Gobernuko presidenteak Marchenaren erabakia deitoratu du, baina "ulergarria" dela erantsi du. Izan ere, epailearen inpartzialtasuna ezbaian jarri zen.
Dena dela, epaileen erakunde gorena berritzeko negoziazioa ez eteteko eskatu dio Sanchezek PPri.
Bestalde, Ignacio Cosido PPk Senatuan duen bozeramaileak bere senatariei bidalitako WhatsApp mezuak aipatu dituzte Podemosek eta EAJk. Mezuotan, Cosido harro azaldu zen PPk Auzitegi Gorena "atzeko atetik" kontrolatuko zuelako.
Ione Belarra Podemosek Kongresuan duen bozeramailearen ustez, "presioak beste alde batetik datoz, Zigor Arloko Salan geratuko da, Cosidok aipatzen zuen horretan".
Koldo Mediavilla EAJren Politika Instituzionalerako arduradunaren arabera, Marchenaren erabakia "Justiziaren krisian izandako azken tantakada da". PPk Senatuan duen taldearen bozeramaileak WhatsApp bidez zabaldutako mezuez galdetuta, "agerian uzten dute Justiziaren politizazioa", erantzun du.