Politika -
epaileen elkarteak
Botere Judizialaren bokalak aukeratzeko sistema aldatzea eskatu dute epaileek
Epaileek eta magistratuek eurek botere judizialeko 12 kideak aukeratu nahi dituztela aldarrikatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Epaileen elkarteek Manuel Marchena magistratua goraipatu dute Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) eta Goreneko buru izateari uko egin baitio. Halaber, botere judizialaren "inpartzialtasuna" aldarrikatu dute politikoen esku-sartzearen aurrean. Horren harira, epaileen gobernuko kideak aukeratzeko sistema aldatzea eskatu dute.
"Independentzia lezio bat da eta harro sentitzen gara. Inongo politikarik ez du botere judiziala, auzitegi edo epaile bat ere menderatzen", esan du Celso Rodriguez Magistraturako Elkarte Profesionaleko (epaileen elkarte nagusia) bozeramaileak.
Epaileen eta fiskalen elkarteek urteko bigarren greba eguna egin zuten atzo (astelehena) eta, besteak beste, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bokalak aukeratzeko sistema aldatzea eskatzen dute. Epaileek eta magistratuek eurek botere judizialeko 12 kideak aukeratu nahi dituztela aldarrikatu dute.
PPk eta PSOEk adostu zuten Manuel Marchena epailea izatea Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidente, baina "azken egunetako berriak" eta "independentzia" printzipioa aipatuta, epaileak eskatu du ez sartzeko bera izendapen horietan.
Raimundo Prado Francisco de Vitoria elkarte judizialeko bozeramailearen hitzetan, Marchenaren erabakiaren eragilea Senatuko PPko bozeramailearen wasap bidezko mezua izan da. Mezu horretan, Ignacio Cosidok Marchenaren izendapena babesten zuen "bigarren sala atzetik kontrolatzeko".
Pradoren ustez, Marchena "oso gizon azkarra" da eta bazekien "hasieratik zalantzan jarriko zutela" bere agintaldia, beraz, "uko egin izanak ondratu egiten du".
Bestalde, Ignacio Gonzalez Vega Demokraziaren aldeko Epaileen elkarteko bozeramalearen ustez, Ignacio Cosidoren mezua "edalontzia gainezka egiten lagundu duen tanta" izan da.
Foro Judicial Independiente elkarteak, berriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal izateko hautagaiei "atzera pausua emateko eta beren hautagaitzak atzera botatzeko" eskatu die, sistema aldaketa errazteko.
Bokalak aukeratzeko egun indarrean dagoen sistemari uko egiteko, Botere Judiziala berritzean Forok ez zion bokal bati ere abala eman.