Politika -
Epaiketaren azken saioa
De Miguelek akatsak onartu ditu, baina ukatu egin du deliturik egin izana
De Miguel auzia azken egunera iritsi da. Urtarrilean hasi zen Euskal Herrian izan den epaiketarik handiena, Alfredo de Miguel buru zela Araban iruzur sarea osatu ote zuten argitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Alfredo de Miguel Arabako diputatu ohia bere ibilbide profesionalean eta politikoan egindako akatsengatik damutu egin da, baina ukatu egin du deliturik egin izana. De Miguel auziaren epaiketako azken eguna izan da gaur, eta akusatu nagusiek hitza hartu dute haien errugabetasuna aldarrikatzeko.
Epaiketa urtarrilean hasi zen eta Euskal Herrian izan den epaiketarik handiena izan da; 26 auzipetu eta ehundik gora lekuko izan ditu eta Arabako EAJren hainbat goi-kargudun ohi auzipetuta daude, ustelkeria politikoa egotzita. 29 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute De Miguelentzat.
Antzeko hitzaldia egin du Aitor Telleria Arabako EAJren kide ohiak ere. Errugabe jo du bere burua eta onartu du"gai honetan nahastea izan zela egin duen akatsik handiena eta inoiz ez duela ezer egin inor kaltetzeko asmoz".
Eta Koldo Otxandiano Arabako EAJren kide ohiak barkamena eskatu du inor kaltetuta sentitu bada, errugabe dela esanez.
Hiru akusatu nagusien emazteek ere hartu dute hitza eta Araceli Bajo, Telleriaren emazteak azpimarratu du oso gogorra izan dela kalean ere epaitu dituztelako.
2010etik zabalik dagoen auzia mingarria egin zaiela esan dute askok.
De Miguel damutu egin da
"Ezbairik gabe, gaizki egin ditut hainbat gauza, damutu egiten naiz, eta ahal banu, atzera egingo nuke. Baina uste dut inoiz ez dudala deliturik egin; are gutxiago, egotzi egin zaizkidanak", esan du akusatu nagusiak.
Kataia enpresak (ustezko ustelkeria sarearen iruzurrezko zerbitzuak emateko erabilitako enpresa) zerbitzu guztiak eman zituela "frogatuta" gelditu da; baita "diru-sarrera guztiak deklaratu zirela".
Bestalde, "goitik behera" ikertua izan ostean, "bidegabe aberastu ez dela" agerian gelditu da, esan du De Miguelek.