Politika -
'Orain Presoak'
Arabako zenbait pertsona ospetsu presoen aldeko manifestazioen alde agertu dira
Komunikatu batean, ETAko presoei jartzen zaizkien "salbuespeneko neurriekin" bukatzea eskatu dute, "bake orokor eta integral baten oinarria" litzatekeelako.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako gizarte, kirol eta kultura munduaren pertsona ospetsuak Bilbon eta Baionan urtarrilaren 12an egingo diren presoen eskubideen aldeko manifestazioen alde agertu dira.
Orain Presoak lelopean manifestazioa egingo dutenek espetxean daudenen "oinarrizko eskubideak" errespeta daitezela eskatu dute, Gasteizen egindako ekitaldi batean.
ETAko presoei jarritako "salbuespeneko erregimenarekin" bukatzea eskatu dute. Arabako hiriburuan irakurritako dokumentuan, Sare plataformak hedabideei bidalitakoa, "gaurko egoera politiko berriak eskatzen" du espetxe politika aldatzea, baina gainera, "bake orokor eta integral baten oinarria"da.
Testuan esan dutenez, etorkizunean "marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua". "Orain arte egin diren alde bakarreko urratsek eskatzen dute erantzuna bakearen dinamika elikatzeko. Gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei", nabarmendu dute.
Gainera, "indarkeria guztien biktima guztiei egia, errespetua eta errekonozimendua" sor zaizkiela esan dute manifestuan, eta "iragana ez errepikatzea" nabarmendu dute. Horregatik, helburu horren alde lan egin behar dela uste dute, "edozein izanik ere gure arteko ezadostasunak".
Presoen aldeko martxak babestu dituzten arabarren artean daude ELAko idazkari nagusia, Adolfo Muñoz; Andoni Txasko, Martxoaren 3ko Biktimen Elkartekoa; Cesar Manzanos soziologoa; Eneko eta Iker Pou eskalatzaileak; Felix Placer, Euskal Herriko Apaiz Koordinakundekoa, eta Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohia.