Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aitor Esteban: 'VOX zuritzen ari dira PP eta Ciudadanos'
EAJren Kongresuko bozeramailearen iritziz, Pedro Sanchezen heriotzari buruz PPk zabaldutako txistea "ez da akats bat izan, laztura baizik". "Pablo Casadoren PP deskribatzen du", esan du Estebanek.
EiTB.EUS
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da astelehen goizean. "Ez dut erregearen hitzaldiei buruz ezer espero", aitortu du Estebanek goizeko elkarrizketan, Felipe VI.aren azken berbei buruz galdetu diotenean. Azken horrek Espainiako bandera batasunaren ikur gisa aldarrikatu zuen igandean, Errege-egunaren kariaz.
"Hitzaldi guztietan ahaztu egiten du Espainiako banderarekin eta batasunarekin bat ez datozen pertsona asko daudela. Ostrukak bezala jokatzeak ez nau harritzen, baina horrek ez du errealitatea irudikatzen", adierazi du Estebanek.
Bestalde, VOXen indarrak aho zabalik utzi du EAJko ordezkaria. Dena dela, "PPk eta Ciudadanosek" errealitate hori normaltzat jotzea da kezkagarriena Estebanen ustez, "eskuineko alderdiek oinarrizko zenbait printzipio zalantzan jartzea" oso arriskutsua dela iritzita. "Hezkuntza berriz zentralizatzen bada, guztia lehertuko da", nabarmendu du Pablo Casadoren adierazpenen harira. "Euskadi ere ez dag muturreko jarreretatik libre", azaldu du
Pedro Sanchezen heriotzari buruz PPk zabaldutako txio polemikoa ere izan du hizpide: "Ez da akats bat izan, laztura baizik. Argi erakusten du Pablo Casadoren PP berria nolakoa den", gaineratu du. Nolanahi dela, ezeztatu egin du Espainiako Gobernuak Fiskaltzara jo izana.
"Lerroak gainditu beharrean gaude", azpimarratu du autogobernuaren inguruan galdetu diotenean. "Podemos atzera bota zen eta PSE beti dabil Madrilera begira", gogorarazi du Estebanek.