Politika -

Frantziako iparraldean

ETAko ustezko buruzagi militarra atxilotu dute

- Alejandro Zobaran, Xarla, da atzemandakoa.

- Harekin batera beste hiru gizon atxilotu dituzte. Oraingoz ez dago argi nortzuk diren, baina talde logistikoan kargu garrantzitsuak zituztela uste dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak ETAko lau ustezko kide atxilotu ditu herrialdeko iparraldean, tartean Alejandro Zobaran Arriola, Xarla, erakunde terroristaren ustezko buruzagi militarra, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez.

Oraingoz ez dago argi nortzuk diren beste hiru atxilotuak, baina Poliziak uste du kargu garrantzitsuak zituztela talde logistikoan, hots, komandoak armaz eta lehergailuz hornitzen dituen taldean. Atzemandako laurak gizonezkoak dira.

Operazioa Pas de Calaiseko (Frantziako iparraldean) departamentuan egin dute, Boulancourt herriko etxe batean, Belgikako mugatik gertu.

Aipatu iturrien hitzetan, atxilotuak landetxe batera hurbildu ziren, ikasle espainiarrak zirela eta ibilgailu bat alokatu nahi zutela adierazita. Atxilotuek esandakoa zalantzagarri iruditu zitzaion etxearen jabeari eta Poliziari deitu zion. Gerora, Poliziak jakin ahal izan zuen taldeak bi ibilgailu zituela eta horietako baten matrikula faltsututa zegoela. Frantziako Polizia Polizia Judizialarekin harremanetan jarri zen, eta atxiloketei ekin zieten.

Seigarren buru militarra hiru urtetan

2008ko maiatzean Bordelen (Frantzia) Javier Lopez Peña Thierry atzeman zutenetik, sei pertsona atxilotu dituzte ETAko buru militarra izatea egotzita.

Harrezkero, hain zuzen ere, honakoak atxilotu dituzte: Garikoitz Aspiazu Txeroki (2008ko azaroan), Aitzol Iriondo (2008ko abenduan), Jurdan Martitegi (2009ko apirilean), Ibon Gogeaskoetxea (2010eko martxoan) eta Mikel Kabikoitz Carrera Sarobe, Ata, (2010eko maiatzean). Azkena, Alejandro Zobara, Xarla.

Ikertzaileen arabera, Alejandro Zobaran ETAren Urederra taldeko kidea izan zen (2007ko martxoan desegin zuten), eta ondoren lehergailuak egiten eta autoak osten zituen talde bateko kide egin zen.

Bederatzi atxiloketa bi astetan

Ostegun honetako operazioaren ostean, orotara bederatzi dira azken bi asteotan atzemandako ETAko ustezko kideak. Guardia Zibilak lau atxilotu zituen martxoaren hasieran Bizkaian; orduan atzemandakoak Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria, Lorena Lopez eta Daniel Pastor izan ziren. Gainera, Frantziako Poliziak Gregorio Jimenez Morales El Pistolas ETAko kide historikoa atxilotu zuen asteartean, Iparraldean.

Urtarrilaren 10ean ETAk su-eten orokorra eta egiaztagarria iragarri zuenetik, 30 pertsona atxilotu dituzte ETArekin zerikusia izatea egotzita.

Asteazken arratsaldean, bestalde, Eider Zuriarrain atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Donibane Lohizunen. Paueko Auzitegiak martxoaren 1ean onartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka eskatutako euroagindua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea