Politika -

Gasteizen

Lehergaiak izatea egozten dieten bi gazteak askatzeko eskatu dute ehunka pertsonak

Sortuk salatu duenez, 25 eta 26 urteko bi gazteak espetxeratuta, "egoera politikoaren aurrean ahula dela erakusten du" Espainiar estatuak.

Espetxeratutako bi gazteak askatzearen aldeko manifestazioak, Gasteizen / Argazkia: EFE.
Espetxeratutako bi gazteak askatzearen aldeko manifestazioak, Gasteizen.
Espetxeratutako bi gazteak askatzearen aldeko manifestazioak, Gasteizen / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona kalera irten dira Gasteizen atxilotutako bi gazteen askatzea eskatzeko. 25 eta 26 urteko gazteei 2014 eta 2015eko kale borrokako ekintzekin lotzen dituzte.

Sortuk deitutako manifestazioa Arabako hiriburuko erdigunean egin dute, Galder eta Aitor askatu! Utzi Bakean Euskal Herria! lelopean.

Atxilotuak askatzeko eskatu dute manifestariek, eta "EAJ, lotu zure txakurrak" eta "Estatu espainola, Estatu terrorista" oihukatu dituzte.

Manifestazioa bukatuta, Oihana San Vicentek, Sorturen Arabako koordinatzaileak, salatu du mota horretako ekintzekin, "beste behin, azken urteetan aurre egiten dion egoera politikoaren aurrean ahula dela erakusten du" Espainiar estatuak.

"Espainia apurtzen ari da, Euskal Herritik eta Kataluniatik. Apurtzen ari da bi herrialdeok egiten ari garen borroka politikoagatik, eta ez duelako borondaterik gatazka hau politikoki konpontzeko", esan du.

"Ez dago, inoiz ez denez egon, geldiarazi digun poliziarik, espetxerik edo barroterik". Esan duenez, Euskal Herriaren etorkizunaren alde onena ematen duten milaka pertsonaren "eredu ona" dira espetxeratutako bi gazteak.

Espetxeratutako bi gazteak

Galder Barbado eta Aitor Zelaia ostegunean atxilotu zituzten Gasteizen eta Amurrion, eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten.

Biak espetxeratu zituen ostiralean Maria Tardon epaileak. Lehergaiak izatea leporatzen diete.

Ertzaintzak hasi zuen ikerketa. Bi gazteak 2014 eta 2015ean egindako kale borrokako ekintzekin lotzen ditu.

Efe albiste agentziak aipatutako ikerketaren iturrien arabera, bi gazteen hatzak eta beste  aztarnak aurkitu zituzten Duran (Arratzua-Ubarrundia, Araba) duela hilabete batzuk agertutako bidoi batean. Iturri berberen arabera, material piroteknikoa eta kale borrokan erabili ohi diren beste gauzak zeuden bidoiaren barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Araba Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak