Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
78ko sanferminetako gertaeren bertsio ofiziala kolokan jarri du txosten ofizial batek
1978ko sanferminetako gertaeren inguruko txostena aurkitu ostean, German Rodriguezen aldeko herri ekimenak zabaldu egingo du urtarrilean jarritako kereila eta salatu egingo du Espainiako Gobernua ere.
EITB.EUS
SF78 Gogoan herri ekimenak duela egun batzuk 78ko gertakarien inguruko txosten ofiziala eskuratu zuela jakinarazi zuen. "1978ko sanferminetan gertatuari buruzko txosten ofiziala lortzen behin eta berriro saiatu ondoren, gure elkarteak lortu du azkenean eskuratzea, hainbat talde parlamentarioren laguntzari esker. Nahiz eta Rajoyren Gobernuak (PP) zein Sanchezenak (PSOE) bere existentzia ukatu, azkenean txostena Kongresuko artxiboetan aurkitu dugu".
1978ko uztailaren 8an indarrez sartu zen Espainiako Polizia Iruñeko zezen plazan, eta ondoren sortutako istiluetan German Rodriguez gaztea hil zuten tiroz. Gertakari haiek ez dira oraindik argitu, ordea. Kongresuak ez du gertakarien inguruko informazioa desklasifikatu nahi izan orain arte, eta horregatik, txosten honen aurkikuntza izugarrizko lorpentzat jo du SF78 Gogoan taldeak.
Iruñean eman duten prentsaurrekoan esan dute txosten honek kolokan jartzen duela bertsio ofiziala. Zezen plazara sartzea "aurrez erabakitako gauza bat izan zela" eta txostenean bertan poliziaren jarduna "desproportzionatua" izan zela jartzen omen du.
Lourdes Etxebarria abokatuak gertakari horien erantzuleen kontrako kereila kriminala aurkeztu zuen aurtengo urtarrilean, Martin Villa garai hartan Espainiako Barne ministro zenaren, hainbat kargudun publikoren eta buruzagi poliziaren kontra, alegia. Orain, txosten honen harira, kereila zabaldu egingo duela esan du.
Jacinto Lara giza eskubideetan adituak jakinarazi du, gainera, Espainiako Gobernua ere salatuko dutela horrenbeste urtez informazioa ezkutatzeagatik, eta hirugarren kereila bat ere jarriko dutela, "Argentinako bidea" delakoari jarraiki.
Kongresuan aurkitutako dokumentazioa
Kongresuan aurkitutako Txosten Orokorrak hiru txosten zehatz ditu bere baitan: Lehena, Nafarroako garaiko Gobernadore Zibilak sinatutakoa; bigarrena, Polizia Armatuaren Bigarren Inspekzio-orde Orokorreko General Buruak sinatutakoa; eta hirugarrena, Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiaren Zuzendariorde Nagusiak sinatutakoa (Martin Villa ministroak bidali zuen hau Iruñera, gertakarien berri eman ziezaion).
Sanfermin haietan gertatuaz gain, hurrengo egunetan Donostian eta Errenterian gertatu ziren protestak ere jasotzen ditu txosten horrek. Gogoan izan behar da, 1978ko uztailaren 11n, Joseba Barandiaran hil zela Donostian, German Rodriguezen hilketagatik egin ziren protestetan.
Herri ekimenak jakitera eman duenez, laster Errenteriako, Donostiako eta Iruñeko udalei bidaliko die txostena, baita biktimen senideei ere, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Memoria Historikoaren Fondo Dokumentalari ere bai.
41 urte beteko dira aurten
Aurten 41 urte beteko dira gertakari haiengandik. Iaz, 40. urteurrena zela eta, hainbat ekitaldi berezi izan ziren. Iruñeko Udalak German Rodriguez omendu zuen lehen aldiz ekainaren 8an, eta egun batzuk beranduago, monumentu bat inauguratu zuen SF78 gogoan elkarteak Orreaga Etorbidean, Carlos III.aren ondoan, entzierroen monumentutik gertu.
Urteurrenaren egunean, uztailaren 8an, milaka lagunek manifestazio egin zuten Iruñean, "Inpunitatea Stop" lelopean: