Politika -
poliziaren biktimen legea
Legebiltzarrak polizia-abusuen legearen erreforma izapidetzen jarraituko du
Ezustea izan da erreformaren 1. artikuluaren bozketan, Elkarrekin Podemosen akats baten ondorioz, atzera bota duelako. Helegiteak saihesteko artikulu gakoa da hori.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak polizia-gehiegikerien biktimak aitortzeko legearen erreforma izapidetzen jarraituko du, zati handiena batzordean onartuta. Erreforma Giza Eskubideen Batzordean eztabaidatu eta bozkatu dute gaur, eta Legebiltzarreko osoko bilkurak behin betiko onartzea baino ez da falta. 2016ko legearen kontra aurkeztutako helegiteak saihesteko asmoz, erreforma bultzatu zuten EAJk eta PSE-EEk. Kontua da ezustekoa izan dela gaurko bozketan, Elkarrekin Podemosen akats bat tarteko, helegiteak saihesteko gako zen artikulua atzera bota dutela batzordean. Dena dela, osoko bilkuraren bozketan zuzendu ahalko da hanka-sartzea.
Talde guztiek iragarrita zuten botoa: EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu behar zuten, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zuri, eta PPk kontra. Erreformaren 1. artikulua bereiz bozkatzea eskatu du koalizio abertzaleak, eta hor etorri da ezustea.
Artikulu hori da, hain justu, erreformaren giltzarria. Bertan esaten da biktimaren aitorpena aztertzean, gehiegikeria horren inguruan sententzia baldin badago kontuan hartu beharko dela.
Zehaztapen hori gako izan daitezke 2016ko legearen kontra aurkeztutako helegiteak saihesteko. Mariano Rajoyren Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera joko zuela iragarri zuen legeak epaitegien eskuduntzak urratzen zituela ulertuta.
1. artikulu horren kontra bozkatu dute EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek (azken horrek erratuta egin badu ere). Lehen bi taldeen botoak aurreikusita zeuden, ez, ordea, koalizio morearena, eta horrenbestez, artikulu hori atzera bota du Batzordeak.
Elkarrekin Podemosek egindako akatsa onartu du, eta osoko bilkurako bozketan zuzenduko duela iragarri du.
Pili Zabala eta Carmelo Barrio, gaurko eztabaidan. Argazkia: EFE
Taldeen balorazioak
Eztabaidan zehar, EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek azpimarratu du arau hau "beste urrats bat" dela polizia-abusuen biktimen onarpenean eta erreparazioan, eta, "muga" politiko eta konstituzionalak kontuan izanda, "izan daitekeen legerik onena" dela.
Julen Arzuagak (EH Bildu), bestalde, bere taldearen "etsipena" adierazi du, uste dutelako polizia-abusuen biktimei ez dizkiela ematen beste biktimek dituen onarpen eta erreparazio bermeak.
Pili Zabalak (Elkarrekin Podemos) esan duenez, erreforma "aurrerapauso bat da", baina Konstituzio Auzitegiak egin duen "interpretazio murriztailea" deitoratu du.
Rafaela Romero PSE-EE legebiltzarkideak legea defendatu du, "batzuei gutxi eta besteei gehiegi iruditu arren", uste duelako gai honetan "berme" juridikoekin aurrera egiteko biderik onena delako.
Carmelo Barrioren (PPk) arabera, mota honetako giza eskubideen urraketen biktimak konpentsatzeko "formulak" bilatu behar dira, baina hori "Konstituzioa urratzen ez duten prozeduren bitartez" egin behar da.