Politika -

ELKARRIZKETA

Koldo Martinez: 'Eskua luzatzen diogu PSNri, aldaketarekin bat egin dezan'

Geroa Baik ez du Nafarroa 'Katalunia berri bat bihurtzerik nahi'. Laukoa Kongresurako hauteskundeetara batera ez aurkeztea deitoratu du: 'Agian A-28an damutu egingo gara'.

Koldo Martinez. Argazkia: EiTB
Koldo Martinez
Koldo Martinez. Argazkia: EiTB

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek Kongresurako hautagaitza bateratua ez aurkeztu izana deitoratu du Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak: "Hauteskunde orokorrei begira, Geroa Baik ez beste alderdi guztiek ez dute Nafarroan pentsatu. Posible da gerora guztiok damutzea". Martinezen esanetan, lauko hautagaitzak aurrera egin ez badu, Ahal Duguk "indarkeriaren gaiagatik" EH Bildurekin bat egin nahi ez duelako izan da. Geroa Baik EH Bildurekin hitz egiten jarraituko badu ere, koalizioa "klabe subiranistan" pentsatzen ari dela aipatu du Koldo Martinezek. Geroa Baik, ostera, oraingoz alde batera utzi du gaia, eta "eskuina geldiaraztean eta autogobernua babestean" jarri du lehentasuna. EH Bildurekin koalizioa baztertuta, "Geroa Baik ez du nahi Nafarroa Katalunia berri bat bihurtzerik. Ez dugu fronte subiranistarik nahi. Estatuarekin aldebiko itun bat nahi dugu". Ostegunean jakinaraziko dituzte Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak.

Koldo Martinez UPNren, PPren eta Ciudadanosen arteko hautagaitza bateratuaz ere mintzatu da: "UPNk foru erregimenaren aurkako indarren aurrean amore eman du". UPNrekin akordio bat lortzeko Ciudadanosek foru erregimena aitortu badu ere, "erabateko gezurra" dela uste du Martinezek. Ildo horretan, akordioa sinatu eta 24 ordura Luis Garicano Ciudadanoseko kideak egindako adierazpenak gogoratu ditu.

Martinezek laukoaren lana goraipatu du eta baztertu egin du Nafarroako Gobernuaren barruko kontraesanek laukoa errepikatzea baldintzatu dezaketenik. Bestalde, laukora batzeko dei egin dio PSNri, "nahiz eta gauza bat esan eta bestea egiten duten".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Geroa Bai Nafarroa gaur Hauteskunde orokorrak Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak gaur