Politika -
M-22ko hauteskundeak
Fiskaltzak Bilduren zerrenda guztiak inpugnatuko ditu
ETAren paper batzuetan oinarrituko da zerrenda guztien kontra jotzeko. Paper horietan Eusko Alkartasunarekin koalizioa osatzeari lehentasuna emateko agintzen omen dio ETAk ezker abertzaleari.
Erredakzioa
Fiskaltzak Bilduren zerrenda guztien kontra joko du eta zerrenda guztiak inpugnatuko ditu ETAren paper batzuetan oinarrituta, El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez.
Aipatu iturriaren arabera, Espainiako Poliziaren txostenek diote ETAk beharrezko jotzen duela ezker abertzalea hauteskundeetan egotea eta duela bi urte Eusko Alkartasunarekin koalizioa osatzeari lehentasuna emateko agindu ziola ezker abertzaleari.
Estatuaren informazio zerbitzuen arabera, 2008an dauka abiapuntua ezker abertzaleak eta EAk bat-egiteko estrategia horrek, ETAk Herri Antolatuaren Estrategia Independentista Baterantz izeneko zuzentaraua argitaratu zuenetik hain zuzen ere.
El Correo-k argitaratu duen informazioaren arabera, Bateragune izan zen elkarrekintza horren lehen saiakera, baina bertan behera geratu zen eta 2010 urteko bukaeran berrekin zituzten hartu emanak Bildu koalizioa sortzeko.
Horregatik, Gorenaren aurrean Bilduren zerrenda guztiak salatzeko argudioak ikusten omen dituzte Estatuko terrorismoaren aurkako zerbitzuek, Estatuaren abokatuek eta Fiskaltzak.