Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EH Bilduk eta PPk bat eginda Jaurlaritzari kalte egin nahi diote, Ortuzarren aburuz
Hauteskundeak aurreratzearen aukeraz galdetuta, EAJren EBBko presidenteak aitortu du 'plantoa badago, eta aurrera egitea ezinezkoa bada, lehendakariak egokiena den erabakia hartu' beharko duela.
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen arabera, EH Bildu eta PP Eusko Jaurlaritzaren kontra ari dira Legebiltzarrean batera bozkatuta. Ortuzarrek uste du biek ala biek "Jaurlaritzaren sinesgarritasunari min egin" nahi diotela.
Buruzagi jeltzaleak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenez, harrigarria da EH Bilduren eta PPren arteko "bat egite" hori: "Aldi baterako enpresa-elkarte baten modukoa da, baina alderdien artekoa. Helburu partekatua dute: Eusko Jaurlaritzaren sinesgarritasun sozialari kalte egitea".
Ortuzarren aburuz, PPk eskola jantokien ikerketa batzordean egin duena "jauntxokeria" bat da. "Bitxia da EH Bildu eta PP ados jartzea Jaurlaritzari 'ez' esateko orduan", erantsi du. Oposizioak jarrera aldatuko duelakoan dago, dena den, abertzaleek eta popularrek ezin dutelako "beti elkarrekin egon".
EAEko hauteskundeak aurreratzearen aukeraz galdetuta, Ortuzarrek esan du logikoena bozak 2020an egitea dela; "gainera, EAJri mesede egingo lioke aurreratzeak, indartsu gaudelako", erantsi du. Dena dela, aitortu du "plantoa baldin badago, eta aurrera egitea ezinezkoa bada, lehendakariak egokiena den erabakia" hartu beharko duela.
Espainiako politika hizpide, Andoni Ortuzarrek adierazi du ez duela oraindik Pedro Sanchezekin bilera baterako hitzordua zehaztu: "Hauteskundeak ditugu orain buruan. Egongo da denbora Madrili buruz hitz egiteko". EAJko buruzagiaren ustez, "logikoena PSOEk geometria aldakor baten alde egitea da, Podemosek koalizio gobernu batekin edo legegintzaldirako itun itxi batekin estutu nahiko duelako. Guretzat lehentasuna euskal interesen defentsa da, eta horretarako ez dugu legegitzaldirako ituna behar. Nahiago dut transferentzien inguruko negoziazio on bat, Kongresuko Mahaian eserlekuan lortzea baino".
Identitate nazionalaren eztabaida ere hartu du ahotan buruzagi jeltzaleak. Horren aburuz, "lurralde eredua aldatzeko oinarriak zehaztu behar ditugu EAEn zein Katalunian". Auzi katalanaren inguruan, Ortuzarrek uste du "lubakiak" itxiko dituztela.
___________________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.