Politika -
Hauteskunde-inkesta, EAEn
EAJ erraz nagusituko litzateke Bilbon eta Donostian, eta tarte txikiarekin, Gasteizen
EAJk ordezkari gehiago lortuko lituzke. Bilbon, esaterako, gehiengo osoa erdiestetik gertu egongo litzateke. Gasteizen baina, EAJk eta EH Bilduk zazpina zinegotzi lortuko lituzkete.
agentziak | erredakzioa
EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 26ko udal hauteskundeak EAEko hiru hiriburuetan, Eusko Jaurlaritzaren boto aurreikuspen inkestaren arabera. Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) izango litzateke lehen indarra Bilboko Udalean eta Donostiakoan. Gasteizen, berriz, EAJk irabazi arren, Euskal Herria Bilduk lortutako adina zinegotzi jasoko lituzkete jeltzaleek. Inkestak, halaber, PPren porrota aurreikusten du Gasteizen, lau eserleku galduko lituzkeelako eta lehen indarra izatetik hirugarrenera pasako litzatekeelako.
Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur txosten bat aurkeztu du Batzar Nagusietarako eta hiriburuetako Udal Hauteskundeak orain eginez gero boto aurreikuspena zein izango litzatekeen argitzeko. Informazio bilketa apirilaren 29tik maiatzaren 10era bitartean egin zen.
Aldaketa nagusia Gasteizen emango litzateke: EAJ hirugarren indarra izatetik lehena izatera igaroko litzateke, 7 eserlekurekin (egun baino bi gehiago). EH Bilduk ere zazpi eserleku (egun baino bat gehiago) lortuko lituzke Gasteizen. Horrenbestez, EH Bilduk botoen % 22,2 lortuko lituzke eta EAJk, berriz, % 22,4, bi hamarren gehiago, boto aurreikuspenaren arabera.
PPk lau zinegotzi galduko lituzke Gasteizen (9tik 5era), eta 10 puntu baino gehiago jaitsiko litzateke boto aurreikuspenean; 2015eko % 29,8tik % 19ra, hain zuzen. PSE-EEk lau zinegotziak mantenduko lituzke, Elkarrekin Podemos bezala. Sumando eta Irabazi alderdien koalizioak 3 lortuzko lituzke. Ciudadanosek eta Voxek, berriz, ez lukete ordezkapenik lortuko Gasteizen.
Bestalde, Bilbon, EAJk 14 zinegotzi lortuko lituzke, orain arte baino bat gehiago eta gutxigatik ez luke gehiengo osoa (15 ziengotzi) lortuko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek launa ordezkari izango lituzkete. Goazen Ganemosek ez luke ordezkaririk lortuko.
PSE-EEk lau eserlekuak mantenduko lituzke eta PPk, 3 (egun baino bat gutxiago).
EAJk Donostian ere nagusitasuna sendotuko luke hamar zinegotzi lortuta, orain artekoak baino bat gehiago. EH Bilduk seirekin jarraituko luke, PSE-EE bezala, baina sozialistek bat galduko lukete.
Podemos ez zen 2015ean aurkeztu, baina Irabazik bi zinegotzi lortu zituen. Oraingoa, Irabazi Podemosekin aurkeztuko da eta hiru eserleku lortuko lituzkete. PPk, berriz, bat galduko luke eta birekin geldituko litzateke.
Horrenbestez, EAJ eta PSE-EE alderdiek batera gobernatu ahal izango lukete berriro Bilbon (29 zinegotzietatik 18) eta Donostian (27tik 16 ziengotzi). Gasteizen, aldiz, 27 zinegotzi dira eta 11 baino ez lituzkete lortuko, beraz, ez lukete gehiengo osoa izango, egun bederatzi zinegotzirekin agintean egon arren.
Batzar nagusiak
Eusko Jaurlaritzaren inkestak ez du batzar nagusietako eserlekuen kopurua eman, eta boto aurreikuspena baino ez du eman.
Hori horrela, EAJk hiru lurraldeetan nagusitzeaz gain, lidergoa sendotuko luke; batez ere, Araban. Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek, berriz, ordezkariak galduko lituzkete.