Politika -

Zortzi talde parlamentario

ERCk, Junqueras gabe, talde propioa izango du Diputatuen Kongresuan, baina JxCatek ez

EAJk talde parlamentarioa izango du, eta EH Bildu Mistoan egongo da.

Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidentea. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo
Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidentea.
Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidentea. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talde parlamentario propioa izateko ERCren proposamena onartu du Kongresuko Mahaiak ostegun honetan. Oriol Junqueras ez dago errepublikarren zerrendan. JxCatek, ostera, ez ditu Ganberako araudiaren baldintzak bete.

Mahaia bildu ondoren, Meritxell Batet Kongresuko presidenteak agerraldia egin du komunikabideen aurrean. Bateten ahotan, JxCatek ez du 15 diputatuko gutxienekoa; nahiz eta bost baino gehiago izan, Kataluniako botoen % 15 ez zuen gainditu hauteskunde orokorretan.

JxCateko eta EH Bilduko diputatuek taldeak osatzeko epea luzatzea eskatu zuten asteazkenean. Kataluniako indar politikoak "segurtasun juridiko eza" argudiatu zuen, diputatu presoen etetea oraindik zehaztu ez dutelako. Hala ere, Mahaiak eskakizuna atzera bota du.

Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull diputatu presoak aintzakotzat hartu ala ez jakin nahi zuen JxCatek, zazpi parlamentarirekin taldea sortzea proposatu edo ez erabakitzeko.

Baina Mahaiak errefusatu egin du, Batetek azpimarratu duenez, segurtasun juridiko eza ukatuz, "ERCren idatzian demostraturik geratu delako". Behin-behineko espetxealdian dagoen Oriol Junqueras diputatua kanpoan utzi du ERCk proposamenean, Batetek gogorarazi duenez.

Nahiz eta 15 eserlekuren azpitik egon, Esquerrak Kataluniako botoen % 15 gainditu zituen hauteskunde orokorretan.

XIII. Legealdiko talde parlamentarioak zerrendatu ditu Batetek: talde parlamentario popularra, Ciudadanos taldea, talde errepublikarra (ERC), talde sozialista, Unidas Podemos-En Comu Podem-Galicia en Comun taldea, Vox taldea eta euskal talde parlamentarioa PNV EAJ.

Gainerako diputatuak talde Mistoan izango dira: JxCat, EH Bildu, Coalicion Canaria, Navarra Suma, Compromis eta PRC.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika EAJ-PNV PSOE PP Hauteskunde orokorrak Espainia Alderdi politikoak EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Vox