Politika -
Gorenaren erabakia
Bildu legeztatu ezean, hauteskundeak baliogabetzeko eskatuko du EAk
Eskura duten "tresna guztiak" erabiliko dituztela eta hautagaitzak osatzen dituzten askok "indarkeria eta mehatxuaren atzaparrak" jasan dituztela adierazi du.
Erredakzioa
Pello Urizar EAren idazkari nagusiak maiatzaren 22ko foru eta udal "hauteskundeak baliogabetzeko" eskatzea aztertuko dutela adierazi du, Auzitegi Gorenak Bilduren zerrendak legez kanpo uzten badituzte.
Urizarrek agerraldia egin du Donostian, bere alderdiaren beste hainbat kide eta agintari ohiekin, hala nola, Carlos Garaikoetxea eta Unai Ziarreta presidente ohiak.
Urizarren esanetan, eskura dituzten "tresna guztiak" erabiliko dituzte, koalizioaren hautagaitzak legez kanpo uzten badituzte. EAren idazkariaren iritziz, zerrenden legez kanporatzea "bultzada politiko" baten ondorio da.
Halaber, berriro ere esan duenez, EAk ez ditu zerrendak "bide politiko eta demokratikoak" besterik ez onartzen ez dituzten pertsonekin osatuko, eta gogoratu du hautagaitzak osatzen dituzten askok "indarkeria eta mehatxuaren atzaparrak" pairatu dituztela.
Urizarren hitzetan, zerrendak baliogabetzen badituzte, hurrengo pausoa Auzitegi Konstituzionalera jotzea izango litzateke, eta horrek Gorenaren erabakiarekin bat egiten badu, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eramango lukete auzia.
"Prest gaude eskatzeko hauteskundeak baliogabekoak jotzea, behar bada", esan du. Halaber, baieztatu egin du helegiteak aurkeztu dituztela eta Bildu pairatzen ari den "defentsa-gabezia" salatu du. Izan ere, Bilduren ordezkariek 11:00etan jaso dute Fiskaltza eta Estatuaren Abokatutzaren jakinarazpen ofiziala, alegazioak aurkezteko epea bukatzeko ordu bat falta zenean.
Bilduk goizaldeko 01:00etan izan du helegiteen berri, euskarri digital batean, baina jakinarazpen ofiziala ez dute gaur goizera arte jaso, koaliziotik esan dutenez.
Hori dela eta, Urizarrek azaldu du euren erantzuna hedabideetan agertu den informazioarekin sortu behar izan dutela.
Bilduren kontrako argudiorik nagusienaren inguruan (2008an ETA koalizio baten alde zegoela jasotzen duen Poliziaren txosten bat), Urizarrek esan du 1989 eta 2008 urte arteko Eusko Alkartasunaren 17 bat agiritan agertzen dela alderdiak "behin eta berriz bilgune subiranista" baten alde egiten duela.