Politika -

Arabako Foru Aldundia

Ramiro Gonzalez berriro izendatu dute Arabako ahaldun nagusi

EAJk eta PSE-EEk egindako itunari esker, Ramiro Gonzalez beste lau urtez izango da Arabako ahaldun nagusi. Jeltzaleek eta sozialistek koalizioan gobernatuko dute.

Ramiro Gonzalez berriro aukeratu dute Arabako ahaldun nagusi. Argazkia: EFE
Ramiro Gonzalez berriro aukeratu dute Arabako ahaldun nagusi.
Ramiro Gonzalez berriro izendatu dute Arabako ahaldun nagusi

1:50

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez berriro aukeratu dute Arabako ahaldun nagusi, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Jeltzaleek eta sozialistek koalizioan gobernatuko dute beste lau urtez, baina aurreko legealdian ez bezala, oraingoan gehiengo absolutua izango dute.

Ganberako 51 batzarkideetatik, Ramiro Gonzalezek 27ren babesa jaso du, EAJko eta PSE-EEko ordezkariena, hain zuzen ere. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko hautagaiak, berriz, koalizio soberanistako 12 batzarkideren botoak jaso ditu. Elkarrekin Podemosek eta PPk boto zuria eman dute.

Gauzak horrela, Ramiro Gonzalezek bigarren agintaldiari ekingo dio Arabako ahaldun nagusi karguan.

Bestalde, inbestidura saioa amaitu aurretik, EAJk eta PSE-EEk Foru Gobernuaren osaketa adostu berri dutela jakinarazi du Ramiro Gonzalezek. Ostiral honetan emango dute egituraren berri.

Bere agerraldian, aurreko legegintzaldian abiatutako susperraldi ekonomikoa mantentzearen alde egin du, Araba "lehiakortasunean" buru eta Europan erreferente izango den lurralde bihurtzeko.

Ildo horretan, hurrengo legegintzaldirako erronkak finkatu ditu: hazkunde ekonomikoa, kalitatezko lana, gizarte kohesioa eta lurralde oreka.

Hautagai gisa goizean egin duen hitzaldian, ekonomia eta gizartea nabarmendu ditu. Garapena, hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko enplegua aipatu ditu, eta gizarte kohesioa helburu duela.

Gizarte politikak aldarrikatu ditu, zahartzean azpimarra eginez, eta lurraldeen arteko oreka gauzatu ahal izateko zerbitzuak berdintzearen eta ekonomia dibertsifikatzearen alde egin du.

Fiskalitateari dagokionez, Ekarpenen Legearen erreforma aipatu du lehentasun gisa, eta hobekuntzak iragarri ditu fiskalitate "justuago eta progresiboagoa" izateko.

EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizioko gobernuak gehiengo absolutua izateak "indarra" ematen diola ziurtatu du Ramiro Gonzalezek inbestidurako hitzaldian. Gonzalezen esanetan, bi alderdietako boto-emaileek EAJ eta PSE-EE koalizio gobernuak lau urtean egindako lana babestu dute 2019ko foru hauteskundeetan.

Dena dela, datozen lau urteetan ere gainerako alderdiekin "akordio zabalak" lortzeko borondatea izaten jarraituko duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Arabako Foru Aldundia