Politika -

3. etapa

Gernikara, azken helmugara, iritsi da presoen eskubideen aldeko bizikleta martxa

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzea helburu duen bizikleta martxa Luhusotik abiatu zen ostiralean. Bakearen sinbolotzat hartu dituzten bi herri lotu dituzte.

Orain Presoak Tourraren lehen etapa, Urruñan (Lapurdi). Argazkia: Sare
Orain Presoak Tourraren lehen etapa, Urruñan (Lapurdi).
Orain Presoak bizikleta martxa helmugara iritsi da, Gernikara

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzea helburu duen bizikleta martxak hirugarren eta azken etapa egin du. Gernikan bukatu du ibilbidea, eguerdian.

9:00etan Lekeitotik abiatu, eta Munitibarren ekitaldia egin ondoren, Gernikara iritsi dira eguerdian. 12:30ean, Foru Plazan, bizikleta martxari amaiera jarri dion ekitaldia egin dute.

Bertan, Inaxio Oiartzabalek eta Joseba Azkarragak aldarrikatu dute "Euskal Herriaren gehiengoak euskal presoei ezartzen zaien eskubideen urraketari bukaera jarri nahi diola".

Orain Presoak dinamikaren baitan deituriko bizikleta martxa honekin, pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria Euskal Herriko herrietan zabaltzea da helburua. Hiru eguneko bizikleta martxa honek Luhuso eta Gernika lotu ditu, "salbuespen neurriak" bukatzeko. Presoen aldeko dinamika herritarren artean ezagutarazteko, erakundeei presioa egiteko eta urruntzearen aldeko borrokan indarrak hartzeko baliatu nahi dute martxa.

"Espetxe politika honekin amaitu eta salbuespen neurriak behin betiko bertan behera uzteko noranzkoan eman behar ditugu urratsak, edota, kasu honetan, pedalkadak", azaldu zuten aurkezpen prentsaurrekoan antolatzaileek.

Larunbatean, Zarautz-Lekeitio

Atzo, larunbata, bigarren etapa egin zuten parte-hatzaileek. Sare elkarteak bigarren urtez antolatutako Orain Presoak Tour ekimenean parte hartzen duten txirrindulariak kostaldean ibili ziren, eta Zarauztik eta Getariatik igaro ondoren, Zumaiara heldu ziren.

Ondoren, Urola Kosta atzean utzi, eta Elgoibarren bazkaldu zuten. Indarrak hartu ostean, aurrera jarraitu zuten Lekeitiora bidean. 18:30 aldera iritsi ziren Bizkaiko udalerrira, eta ekitaldi bat egin zuten han.

Iazko bizikleta martxan, Mont de Marsango eta Zaballako kartzelak lotu zituzten. Aurten, uztailaren 19a eta 21a bitartean, elkarbizitzaren eta bakearen ikur diren bi herri batu nahi izan dituzte: Luhuso eta Gernika; Luhuso, gizarte zibilaren konpromisoaren eredu, eta Gernika, bizikidetzaren eta bakearen eredu eta sinbolo.

Hiru etapa:

Uztailak 19: Luhuso-Zarautz

Uztailak 20: Zarautz-Lekeitio

Uztailak 21: Lekeitio-Gernika

Ibilbidean zehar, geldialdiak egin dituzte, etapa osoak egin nahi ez zituzten pertsonak martxara batu zitezen, tarte txiki baterako bazen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Elgoibar albisteak Iparraldea Presoak albisteak Zarautz argazkiak Eguneko albisteak Lekeitio albisteak Zumaia albisteak Albisteak Bidegorriak Euskadin