Politika -

Aste Nagusia

Bilboko zezen-plazan zezenketarik ez egitea eskatu dio EH Bilduk Aburtori

Herritarren artean galdeketa egitea eta Vista Alegre zezen-plazaren erabilerari buruzko eztabaida berriro irekitzea proposatu dio Goirizelaiak Bizkaiko hiriburuko alkateari.

Vista Alegre zezen-plaza. Argazkia: Nastassia Solovjovas (Bilbao Kultur Lab)
Vista Alegre zezen-plaza
Vista Alegre zezen-plaza. Argazkia: Nastassia Solovjovas (Bilbao Kultur Lab)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Zezenari adarretatik heltzeko" eta behingoz zezenketak kentzeko eskatu dio EH Bilduk Juan Maria Aburto Bilboko alkateari, "galera ekonomikoak soilik" eragiten dituztela argudiatuta.

Aste Nagusiaren 41. edizioa bukatuta, EH bilduk prentsaurrekoa eman du goizean, Bilboko Udalean, jaien balantzea egiteko.

Bertan, Udala salatu du Jone Goirizelaia bozeramaileak, oraindik ere Vista Alegre zezen-plazan zezenketak antolatzen dituztelako, eta aurreratu du Aburtori galdetuko diola zenbat diru publiko erabiltzen duen gisa horretako ikuskizunak bultzatzeko, kontuan izanda bai aurten eta baita iaz ere "tamalgarriak" izan direla.

"Iaz, zezen-plazak 360.000 euroko galerak izan zituen; herritarrek argi daukate: ez dute Bilbon zezenketarik nahi. Horregatik, zezenei adarretatik heldu behar die Aburtok, eta behingoz ikuskizun hori eten behar du", esan du.

Horren aurrean, herritarren artean galdeketa egitea eta Vista Alegre zezen-plazaren erabilerari buruzko eztabaida berriro irekitzea proposatu dio Goirizelaiak Bizkaiko hiriburuko alkateari, "plazan poztasun gutxi ikusi dela, eta horretan eguraldiak zerikusirik izan ez duela" iritzita.

Bestalde, asteazkenean, konpartsakide bat atxilotu zutenean, udaltzainek izandako jarrera kritikatu du, 19 orduz inkomunikatuta izan zutela nabarmenduta.

Bukatzeko, Bilboko Konpartsak zoriondu ditu "berriro ere jai herrikoien, parte-hartzaileen eta parekideen alde" egindako lanagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Politika EAJ-PNV Bilbo EH Bildu Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak