Gizartea -

BILBOKO ASTE NAGUSIA

Udaltzaingoak konpartsakide bat atxilotu duela salatu dute Bilboko Konpartsek

Jaietan herritarrek izandako parte-hartzea azpimarratuta, Juan Mari Aburtoren kudeaketa eta Udaltzaingoaren jarrera oldarkorra kritikatu dute konpartsek.

Bilboko Konpartsen agerraldia. Artxiboko argazkia
Bilboko Konpartsak
Bilboko Konpartsen agerraldia. Artxiboko argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaiak amaituta, Bilboko Konpartsek balantzea egin dute. Alde batetik, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa txalotu dute, eta bestetik, Juan Mari Aburto alkatearen kudeaketa eta Udaltzaingoaren jarrera "bortitza eta arrazista" salatu dute.

Ildo horretan, Aburtok konpartsen aurka egindako adierazpenak ekarri ditu gogora Ohiane Pascual bozeramaileak.

"Bera kalean egoten dela, baina gu, konpartsakideak, kalean egoten ez garela esateko ataraldia izan zuen. Honezkero jakin beharko luke gu kalean bizi garela, Aste Nagusian eta urteko gainerako egun guztietan; izan ere, guk kaletik eraikitzen dugu Bilboko jai eredua. Lotsagabea izan behar da kalea erabili nahi izatea bere kudeaketa justifikatzeko", kritikatu du.

Horrez gain, asteazkenean Udaltzaingoak konpartsakide bat atxilotu zuela jakinarazi dute.

Konpartsek beren webgunean argitaratutako ohar batean salatu dutenez, atxiloketa abuztuaren 21ean (asteazkena) gertatu zen, eta konpartsakidea 19 orduz atxikita izan zuten. Atxiloketaz gain, udaltzainek erakutsitako indarkeria kritikatu dute. Ez hori bakarrik, erasoa Udalak "sekurokraziaren" alde egindako apustuaren ondorio dela azpimarratu dute: "GEHIEGIZKO UDALTZAIN HASERREAK + MOZAL LEGEA = ERREPRESIO POLIZIALA ETA INPUNITATEA".

Komunikatuan irakur daitekeenez, 18:00ak inguruan, udaltzain batek eskuko telefonoa kendu zion konpartsakide bati, bere 90 urte inguruko amarekin eta semearekin jaigunetik paseoan zegoela. "Konpartsakidea, harrituta, gertatutakoaren gaineko desadostasuna agertu zuen eta ez zien telefonoa eman izan nahi. Haren erantzunaren aurrean, poliziek konpartsakidea jipoitu, arrastaka eroan eta lurrean zegoela eskuburdinak jarri zizkioten. Ondoren, Miribillako komisaldegira eraman zuten, kalean utzita haren ama eta semea", gaineratu du.

Bilboko Konpartsek azpimarratu dutenez, konpartsakideak hemeretzi ordu igaro zituen atxilotuta, informazioa ukatu zitzaien harengatik galdezka hurbildu ziren lagun eta hurbilekoei eta inkomunikatuta egon zen bost orduz atxilotu zutenetik. Gaineratu dutenez, tratu txarrak jaso zituen eta jasotako kolpeen ondorioz eragindako minak artatzeko mediku-arreta eskatu arren, goizaldeko ordu biak arte ez zuten Deustuko anbulategira eraman.

Emakumea etxean errekuperatzen ari da, baina mugitu ezinda jarraitzen du eman zizkioten kolpeen ondorioz.

Bestalde, atestatua "uste okerretan" eta "gezurretan" oinarritzen dela diote. Mozal Legea abiapuntu hartuta, agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egozten diote eta lau urte arteko espetxe zigorra ezar diezaiokete.

Konpartsek Udalaren eredu polizialaren aurkako aldarri irmoa adierazi dute, eta konpartsakideari erabateko elkartasuna helarazi diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo berriak Euskal hiriburuak Azken ordukoa Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak