Politika -
11/13 MAKROEPAIKETA
'Akusazioak ez dira sustengatzen eta epaiketa ongi ateratzeko aukera asko daude'
Amaia Izko abokatu eta 11/13 sumarioko auzipetua baikor mintzatu da. Dena den, onartu du Auzitegi Nazionalean eragina izan ohi dutela ildo politikoek.
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Astelehenetik aurrera 11/13 sumarioan auzipetutako 47 pertsona epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, abokatuak, kazetariak, psikologoak eta presoen senideak tartean, "kartzeletako frontea" osatzea egotzita.
Atzo Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egin zioten elkarrizketan, Amaia Izko abokatu eta auzipetua baikor mintzatu zen. Horren esanetan, "epaiketa ongi ateratzeko aukera asko daude", besteak beste, "termino juridikoetan akusazioak ez direlako sustengatzen". "Are gehiago, prozesamendu autoak, fiskalaren akusazio idatziak eta Guardia Zibilaren txostenek aitortzen dute ez dagoela froga bakar bat ere gure jarduna ETArekin lortzen duena", gaineratu du.
Alor juridikoarekin inolako loturarik ez duten ildo politikoek eta presioek Auzitegi Nazionalean eragin handia izan ohi dutela onartu du. Halaber kezkatuta agertu da, epaiketa "presoen egoera blokeatzeko estrategia mahai gainean jartzeko" erabili nahi dutelakoan.
Fiskaltzak eta auzian akusazio partikular gisa parte hartuko duen Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) 8 eta 20 urte arteko kartzela-zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzat. Guztira, 601 urteko zigorrak eskatu dituzte, terrorismoa goratzea eta finantzatzea eta erakunde terrorista batean parte hartzea egotzita.
Eloy Velasco epaileak bere autoan azaldutakoaren arabera, ETAk kartzeletan ildoak emateko erabiltzen zituen akusatuak, ETAko kideen "kohesioa" eta "fideltasuna" bermatze aldera. Epailearen esanetan, auzipetuak jakitun ziren "ETArekiko menpekotasun organikoa" zutela.
Epaiketa astelehenean hasiko da Auzitegi Nazionalean, eta guztira 18 saio daude aurreikusita. Beraz, akordiorik ezean, litekeena da epaiketa abendura arte luzatzea.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.