Politika -

Klima aldaketa

Eusko Legebiltzarrak larrialdi klimatiko egoera deklaratu du

Euskal administrazioei plan eta politika zehatzak eskatzen dizkie Euskadin "karbonoaren neutraltasuna" 2050. urtea baino lehen lortzeko.

Legebiltzarra. Artxiboko argaazkia: EFE
Legebiltzarra. Artxiboko argaazkia: EFE
Legebiltzarra. Artxiboko argaazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak larrialdi klimatiko egoera deklaratu du ostegun honetan, talde parlamentario guztien babesarekin, eta  2020ko aurrekontuetan gaur egungo egoera klimatikoak eskatzen duen "erabakiz eta premiaz jardutea" ahalbidetuko duten ekintza sektorial guztiak martxan jartzeko beharrezkoak diren prestazio ekonomikoak proposatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Zehazki, berotegi-efektua eragiten duten gasen bilakaerari buruz EH Bilduk proposatutako ekimen bat babestu dute Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden talde guztiek. Horren bitartez, Legebiltzarrak larrialdi klimatikoaren egoera aitortu du, eta, “klima larrialdiaren aurrean erabakiz eta premiaz jokatzeko beharrezkoak diren ekimenak sustatu, bultzatu eta adosteko konpromisoa hartzen du”.

Halaber, larrialdi klimatiko egoera plan eta programa guztietan “zeharka” islatzeko eskatzen dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, baita aurrerantzean landuko dituen lege-proiektuetan eta aurrekontuetan ere.

Testuinguru horretan, datorren urterako Aurrekontuen zirriborroan “ikuspegi klimatikoa” txertatzeko eta gaur egungo egoera klimatikoari aurre egiteko “beharrezko aurrekontu-sailak proposatzeko” eskatzen dio, “larrialdi klimatiko egoerak eskatzen dituen anbizioa eta premia ahalbidetuko dituzten ekintza sektorial guztiak abian jartze aldera”.

Bestalde, 2050. urtea baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoko karbono-neutraltasuna lortzeko plan eta politika zehatzak egin ditzatela eskatzen die Jaurlaritzari eta euskal erakunde guztiei.  Ildo horretatik, bakoitzak bere eremuan bada ere, “ahalegin gehigarriak" egin ditzatela eskatzen die, data hori 2040ra aurreratzeko.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako euskal erakundeei eskatzen die larrialdi klimatikoari aurre egitea helburu duten neurri guztiak herritarrekin adostu ditzatela, parte-hartze prozesu zabalen bitartez".

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “80ko hamarkadatik gehiegikeria ekologikoko egoeran gaude, gure planetaren karga-ahalmenaren gainetik, eta baliabideak aparteko kredituan kontsumituz, ingurumen-kostuak eginez eta horietako asko atmosferan pilatuz”.

Halaber, gainerako taldeen adierazpenak entzun ondoren, helburua “karbono-neutraltasunera” iristea dela gogorarazi die legebiltzarkideei, eta autokritikarik ez egitea leporatu die. Gauzak horrela, EAJk "gauzak ondo" egiten ari direla esatea kritikatu du, datuen interpretazio "ez zuzena" eginez. Halaber, “klima aldaketaren inguruko legea ez dugunean izango eta Jaurlaritzak karbonoa murrizteko Europako helburuak beteko ez dituenean” gaur egungo egoera klimatikoaz inor ez arduratzea salatu du. Arrazoi horregatik, “autokritika” egiten badute “akordioak” lortu ahal izango direla esan die jeltzaleei.

“Bide onetik goaz”

Irune Berasaluze EAJko legebiltzarkideak ziurtatu du Euskadik urteak daramatzala klima aldaketaren aurka lanean, "emaitzak ematen dituzten ekimenekin”. Ekimen horien artean, berotegi-gasak murrizteko kontzientziazioa aipatu du, eta 2002-2020 Garapen Iraunkorrerako Euskal Ingurumen Estrategiaren balioa azpimarratu du, "baliozkoa" dela uste baitu. "Bide onetik goaz", azpimarratu du.

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, berriz, deitoratu egin du larrialdi klimatiko hori dagoeneko deklaratuta dagoela, eta uste du eztabaida horretan egindako ekarpena "neurriak hartzeko deia" besterik ez dela, "berandu gabiltzalako". Horrenbestez, arlo horretan lidergoa hartzeko eskatu dio lehendakariari, eta aurrekontuetan klima aldaketaren aurkako neurriak sartzeko, "beharrezkoak diren baliabideak" izan ahal izateko.

Halaber, Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideak defendatu du oposizioko taldeekin bat egiten duela energia, hondakinak, basogintza edo mugikortasuna bezalako politika batzuk aldatzeko beharrarekin, baina uste du eskatzen den hori "egiten" ari direla jada, eta Eusko Jaurlaritza "alternatibak" aurkezteko "gai" izaten ari dela, nahiz eta onartu duen beharrezkoa dela adostasuna lortzea eta "autokritika egitea ere".

Azkenik, Mari Carmen Lopez de Ocariz PPko legebiltzarkideak esan du garrantzitsuena ekintzak zehaztea dela, eta horiek nola gauzatu behar diren egungo egoera klimatikoa geldiarazteko. Hala, estrategiak koordinatzea ere garrantzitsua dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Politika Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa albisteak