Politika -
Katalunia
Istiluek eta protestek ez dutela Kataluniako arazoa konponduko esan du Ortuzarrek
EAJko EBBren presidenteak gogor kritikatu du Grande-Marlaska ministroak 'Kataluniako prozesu independentista eta ETAren indarkeria' alderatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko bide bakarra elkarrizketa eta erabakitzeko eskubidea aitortzea direla esan du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Horren hitzetan, azken asteotako istiluek ez diote konponbideari laguntzen, ezta Societat Civil Catalana erakundeak gaur egin duen manifestazioak ere.
Politika egiteko "bide demokratikoak" erabiltzea aldarrikatu du buruzagi jeltzaleak. "Zarata eta espektakulu-politikaren aurrean, guk aldarrikatzen duguna zero kilometroko politika da. Jendearengana hurbildu eta ahotsa eman", esan du.
Fernando Grande-Marlaska jardunean dagoen Espainiako Barne ministroak gaur argitaratutako elkarrizketa batean esandakoa ere izan du hizpide Ortuzarrek. ETAren indarkeriarekin alderatu ditu Katalunian gertatzen ari diren istiluak. Are, Kataluniako istiluetan izandako "indarkeriaren maila" duela urte batzuk Euskal Herrian izandakoa baino "indartsuagoa" dela adierazi du.
Gogor kritikatu ditu hitzok EBB presidenteak, eta basakeriatzat jo du alderaketa. "Ezin dira alderatu. Kataluniako independentzia prozesua eta ETAren indarkeria alderatzeak ez du inolako zentzurik", gaineratu du.
Arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu dio Marlaskari, eta "konfrontazioa" areagotzen duten mezuak alde batera uzteko. Kataluniako arazoaren konponbideari ez diote ezertan laguntzen gaurkoa bezalako adierazpenek, Ortuzarren arabera. "Elkarrizketatik eta jendeari ahotsa ematetik etorriko da konponbidea. Erreferendum batekin ziurtatuko da hori", gaineratu du.
Azkenik, Francoren desobiratzeaz ere mintzatu da, eta behin diktadorea Erorien Haranetik aterata, orain, "han dauden biktima guztiei leku duin bat eskaintzeko ordua" dela esan du.