Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzar: 'Euskadi bezalako autogobernua duen beste lekurik ez dago Europan'
EBBko presidentearen iritziz, Llotja de Marreko Adierazpenak “ezker abertzalearen hizkera erabiltzen du”. “Arrazoia izatearekin ez da nahikoa, proposamenak egiteko jarrera behar da”.
Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpaina bihar hasiko da, eta "besteek zer egitea proposatzen duten argi eta garbi uzten ahaleginduko da EAJ”, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Radio Euskadiko Boulevard albistegian jakinarazi duenez. Izan ere, PSOEk “ezkerreko boto-emaileentzako mezuak zabaltzen ditu, PP zapaldu eta abstentzio patriotikoa egon dadin".
Hala, “Autonomia Estatuaren izaeran ere atzerakada demokratikorik ez ematea” da EAJren helburu nagusietako bat azaroaren 10eko hauteskundeei begira. “PSOEri nazio aniztasunaz hitz egitea ahaztu zaio… nola izan liteke hain garrantzitsua den zerbait dela esatea eta hori aipatzeaz ahaztea?”, galdetu du. Buruzagi jeltzalearen iritziz, “ahanztura hori nabarmena da”, “Ciudadanosekin eta PPrekin akordioa lortzeko asmoz oztopo bat kentzeko nahia egon daitekeelako hor”. Hala, Pedro Sanchezengan “inkoherentziak” sumatu ditu, oposizioa osatu dezaketen alderdiekin gobernua osatzera prest dagoelako. “Zer egin nahi du Euskadirekin?”, galdetu du Ortuzarrek, eta EAJren jarrera erantzun horren araberakoa izango dela esan du.
"Europan estatu baten antz gehien duen herrialdea gara", esan du Ortuzarrek, baina agerian utzi ditu "itzalak ere: Estatutua ez betetzea, epaiak, debaluazioa...". "Euskadi bezalako autogobernua duen beste lekurik ez dago Europan, ia erabateko independentzia ekonomikoa ematen digun kontzertu ekonomikotik bereziki eratorritako dena”, gaineratu du.
'Llotja de Marreko Adierazpena'ri dagokionez, "hauteskundeak ate-joka” daudela agerian dela uste du Ortuzarrek, eta, ildo horretatik, testua "kritika huts batean" laburbiltzen dela salatu du: “Arrazoia izatearekin ez da nahikoa, proposamenak egiteko jarrera behar da”. Hala, EH Bilduren jarrera salatu du: "Beti dabiltza gure estelaren atzean, eta Euskadin ez dutenez hutsune politikorik, Kataluniara doaz bila". Gauzak horrela, EH Bildu adierazpen horren bultzatzaile nagusitzat jo du, Kataluniako alderdien gainetik: "Adierazpenaren ezker abertzalearen hizkera erabiltzen du". Halaber, Kataluniako egoera "larria" dela azpimarratu du, eta irtenbide bat bilatzeko "laguntza" eskatu du, "herritarrek haien etorkizuna libreki erabaki" ahal izan dezaten.