Politika -
Udal politika
Segurtasuna mehatxatuekin adostu beharko litzatekeela esan du Urkulluk
EBri dagokionez, Araban EAJren alde bozkatzeko arrazoirik ez badute "hori egin dezatela" esan eta "azpijokotan ez ibiltzeko" eskatu die.
Erredakzioa
Bilduren udalek segurtasun neurriak murrizteko hartutako erabakia mehatxatuekin "beharrezko zuhurtziaz" hartu eta mehatxatuekin adostu beharko liratekeela esan du Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak.
Europa Pressen egindako elkarrizketa batean, ekimen horiek indarkeriak eta terrorismoak bizi duten "barealdiarekin" lotu ditu. Hala ere, horrek ez gaituela "itsutu" behar ohartarazi du, izan ere "talde terrorista aktibo bat dago eta, nahiz eta iraunkorra eta egiaztagarria den su-eten egoeran egon, oraindik ez dute behin betikorik iragarri".
Ondorioz, "horrelako neurriak zuhurtasunez hartu behar dira, segurtasun neurri horien beharra dutenekin ahalik eta gehien adostuz".
Bestalde, PPk ETAren desegitea exijitzeko erakundeetan aurkeztu dituen mozioen aurrean, "erresistentzia baketsua" defendatu du agintari jeltzaleak, baita Bilduk kartzela politikaren inguruan aurkeztu ditzakeen aurrean. Mozio horiek "aurkari politikoa zigortzeko" direla gaineratu du Urkulluk.
EAJko liderrak adierazi duenaren arabera, alderdiaren Exekutibak ez du oraindik erabaki PPk aurkeztutako mozioen aurrean izango duen jarrera.
EB eta Arabako Aldundia
Urkulluk EBri hitz batzuk luzatu dizkio, Araban Xabier Agirre ahaldun nagusi izateko hautagaiari botoa emateko arrazoirik ez badute, "ez dezatela Agirreren alde botorik eman baina azpijokoetan ibiltzeari utz diezaiotela".
Agintari jeltzaleak azpimarratu duenez, ez du EBrekin "fiatzeko elementurik", Arabako Batzar Nagusietako Mahaia hautatzeko "bilkuran gertatutakoa ikusita, nahiz eta Ezker Batuako biltzarkideek publikoki bestelako azalpenak eman".
"Nire ustez ez genuen oker egin EBko ordezkariek EAJri eta PSEri botoa eskaini ziotela salatu genuenean. Ez dut uste konfiantza gehiago sortzeko era zintzoena edo konstruktiboena denik", nabarmendu du.