Politika -

De Miguel auzia

Alderdien erreakzioak, EAEko ustelkeria kasu larrienaren harira

Horrelako jokabideak EAJren baitan ohikoak diren argitzeko eskatu du EH Bilduk. Podemosek ustelkeriaren kontrako neurriak aldarrikatu ditu. PPren iritzian, EAJ kudeatzaile ona denaren tabua hautsi da.

Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Artxiboko argazkia: EFE
Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia artxiboko irudi batean.
De Miguel auzia: Alderdiek erantzukizun politikoak eskatu dizkiote Urkulluri

0:44

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ustelkeria kasu handienaren baitan, Alfredo de Miguel, Koldo Otxandinano eta Aitor Telleria Arabako EAJko buruzagi ohiei kartzela-zigorrak ezarri dizkiete eta horrek erreakzio soka luzea eragin du.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak "barkamena" eskatu dio euskal gizarteari, "hain modu gaitzesgarrian" jokatu duten kideak izateagatik, baina berretsi egin du 'De Miguel' auziak ez diola alderdiari eragiten eta "ez dela EAJren aurkako epaia".

Ortuzarrek "barkamena" eskatu du, "gure baitan alderdi honen printzipioen aurka hain modu gaitzesgarrian jokatu dutenak egoteagatik".

EH Bilduk uste du kasu hau "izebergaren punta" soilik izan daitekeela, eta EAJko buruzagiek delitu horiek egiten ari zirela ba ote zekiten eta horrelako jokabideak alderdi horren baitan ohikoak diren edo ez argitu behar dutela azpimarratu du.

Ebazpenak auzipetuei egotzitako delituak "oso larriak" direla ohartarazita, delitu horiek burutu zirenean kondenatuak "EAJko militante eta kargu publikoak" zirela nabarmendu du koalizio soberanistak.  

PSE-EEko Batzorde Exekutiboak "errespetu osoa" adierazi du astearte honetan Arabako Auzitegiko Bigarren Atalak 'De Miguel' auziaren inguruan emandako epaian, eta pozik agertu da "ikuspuntu etikotik gaitzesgarriak diren jokabideak, delituzkoak izateaz gain, zigortu eta esparru politiko eta instituzionaletik kanporatzen dituztelako".

Sozialistek "Justizian konfiantza osoa" dutela adierazi dute, eta "epaia errespetatu" egiten dutela gaineratu dute.

Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkariak "neurriak" eskatu ditu "klientelismoa eta ustelkeria erakundeetatik ateratzeko", eta 'De Miguel' auzia bezalako egoerak ez errepikatzeko.

Halaber, Arabako Auzitegiak auzi horren inguruan emandako epaiaren ondoren, EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik "autokritika" beharrezkoa dela ohartarazi du, baina baita PSEren, PPren eta ezker abertzalearen aldetik ere.

Javier Maroto Senatuko talde popularreko bozeramaileak esan duenez, "erabat hautsi da euskal nazionalismoa kudeatzaile ona dela dioen tabu hori", frogatuta geratu baita hori ere lapurtu egiten duela, eta "Pujolek kataluniarrekin egin zuen gauza bera egin du euskaldunen diruarekin".

"Pujolek erabili zuen modus operandi bera da, baina EAJren eskuetan", nabarmendu du, bi alderdi politikoek "Espainiak lapurtzen" diela esan ostean Administrazioaren karguak betetzera iristen direnean "haiek dira lapurtzen dutenak".

LAB sindikatuak esan du De Miguel auziak EAJ zipriztindu badu "Urkulluren alderdia lokatzetan goraino sartuta dagoelako" dela.

"Euskal Herrian inoiz frogatu den ustelkeria kasurik handiena da, ustelkeria sare bat eratu zutela agerian geratu baita", erantsi du ohar bidez.

"Euskal oasian ere ustelkeria dago, eta ustelkeria kasu horiek ez dira isolatuak, ezta pertsona batzuen kontua ere. Elite politikoek esparru publikoan duten boterea baliatuz eratzen dituzte ustelkeria sareak; oinarrian sareak eta harreman klientelarrak daude. Jokabide horrekin amaitzea ezinbestekoa da, ustelkeriarekin bukatuko bada", azpimarratu du

Gauzak horrela, LABek administrazioaren eredua erabat aldatzea proposatu du, "diru publikoaren kudeaketa gardena izan dadin eta aberastasunaren banaketako bidezkoa bermatzeko".

"Hori egin bitartean, De Miguelek eta gainerako zigortuek lapurtutako guztia itzuli behar dute", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia