Politika -

Ustelkeria

De Miguel auzia salatuta, ustelkeriaren kontrako neurriak proposatu ditu EH Bilduk

Koalizio soberanistak, besteak beste, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza sortzea eta Eusko Jaurlaritzak De Miguel auzian nahasitako enpresekin egindako kontratuak ikuskatzea eskatu du.

Larraitz Ugarte eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EFE
Larraitz Ugarte eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak.
Larraitz Ugarte eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk bi proposamen erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean, De Miguel auzia ustelkeria ahalbidetzen duen kudeaketa sistema baten ondorio dela salatu eta ustelkeriaren aurkako neurri zehatzak abiaraztea eskatzeko.

Maddalen Iriarte eta Larraitz Ugarte legebiltzarkideek Donostian azaldu dutenez, bi ez-legezko proposamenak premiazko prozeduraren bidez tramitatzea eta eztabaidatzea galdegin dute, otsailera arte itxaron behar ez izateko.

Ugartek zehaztu duenez, lehendabiziko ekimenaren bidez De Miguel auzia "kasu isolatu bat" edota "pertsona jakin batzuen kontua" ez dela aitortzea nahi dute. "EAJri lotutako beste ustelkeria kasuetan bezala, De Miguel auziak ere urteetan elikatutako kudeaketa sistema batean oinarritzen da eta sistema horrek jarduera ustelak eta irregularrak ahalbidetzen ditu", ohartarazi du.  

Horrela, bada, ardura politikoak argitzea ezinbestekotzat jo du. "Leporatu dizkieten delituak oso larriak dira eta ez da sinesgarria EAJko inork ezer jakin gabe aritu zirela", erantsi du.   

Horrez gain, 2010az geroztik, De Miguel auzian nahasitako enpresekin egindako kontratu guztiak ikuskatzea eskatzen dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, baita zigortuek diru publikotik lapurtutako 146.000 euroak bueltatzea ere.

Bigarren proposamenean, ustelkeriari aurre egiteko neurri zehatzak eta konpromiso politiko argiak proposatzen ditu; izan ere, "barkamena eskatzea ez da nahikoa", nabarmendu du Iriartek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inoiz izan den ustelkeria kasurik handiena izan da eta Arabako EAJko zenbait buruzagi ohi zigortu dituzte horregatik. Testuinguru honetan, EH Bilduk berriro eskatzen du Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza sortzea.

Ildo berean, Ertzaintzan, ustelkeria delituak ikertzeko unitate berezi bat sortzea planteatzen du. Halaber, "sare klientelarrak" eta "ate birakariak" amaitzeko mekanismoak ezartzea proposatzen du.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ustezko ustelkeria politikoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia