Politika -

inbestidura

EH Bilduko oinarrien % 81,4k Sanchezen inbestiduran abstenitzea babestu dute

Militantziaren gehiengo zabal batek egin du, beraz, Sanchezen inbestidura ahalbideratzearen alde (% 13,9k kontra bozkatu du).

EH Bilduko diputatu eta senatariak. Argazkia: @ehbildu
EH Bilduko diputatu eta senatariak.
EH Bilduko diputatu eta senatariak. Argazkia: @ehbildu

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren oinarrien gehiengo zabal batek Sanchezen inbestiduran abstenitzea babestu du. Atzo gauerditik barne galdeketa loteslea izan du abian koalizioak, militantziak Mahai Politikoak proposatutakoa berresten ote zuen ebazteko. 

Koalizioak eguerdian jakinarazi duenez, militantziaren % 81,4k bozkatu du abstentzioaren alde, % 13,9k kontra, eta % 4,6k zuri. Parte hartzea % 40,1koa izan da.

Bide telematikoak baliatuz egin dute kontsulta, EH Bilduren webgunearen bidez. Galdera hauxe izan da: "Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas Podemos alderdiarekin Gobernua eratu dezan?".

EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, "datak txarrak izan arren eta galdeketa deitzeko eta parte hartzeko denbora tarte gutxi eman den arren, handia izan da parte hartzea".

Emaitzen berri eman eta minutu gutxira ETBn mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. Horren esanetan, "egun eta erdi bakarrik emanda, Gabonetan, 5.500 militante gure webgunean sartzea eta bozkatzea erabateko arrakasta da".

Aurreikusi duenez, ziurgabetasun handiko inbestidura izango da, "historikoa" izan daitekeena, gainera. Bigarren Errepublikatik ezkerreko koalizio gobernu bat osatzen den lehen aldia izan daitekeelako, "autoritarismoa aurrera egiten saiatzen ari den testuinguruan, gainera". 

Goizean Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Otegi, eta esan du erabat babesten duela "ERCk eta PSOEk adostutako eskema".

Hain justu, ERCk atzo babestu zuen abstentzioaren hautua, eta EH Bilduren erabakiak ere garrantzi handia du, baina hori ez da nahikoa Sanchez presidente izateko. Oraingoz, 166 boto ditu alde buruzagi sozialistak: PSOE (120), Unidas Podemos (35), EAJ (6), Mas Pais eta Compromis (3), Teruel Existe (1) eta Nueva Canarias (1). Kontra, berriz, 164 ditu: PP (89), Vox (52), Ciudadanos (10), JxCat (8), CUP (2), Navarra Suma (2) eta PRC (1).

Sanchezek inbestidurarako babesa lortu du

BNGk inbestiduraren aurkako botoa ematea baztertuta (oraindik baiezkoaren eta abstentzioaren artean erabaki behar du), eta ERCren eta EH Bilduren abstentzioekin, Sanchezek aldeko boto gehiago izango ditu kontrakoak baino inbestiduraren bigarren bozketan, asteartean.

Sanchezek Unidas Podemosen, EAJren, Mas Paisen, Compromisen eta Teruel Existeren aldeko botoak ditu, 166; eta kontra bozkatuko dute PPk, Ciudadanosek, Voxek, Juns per Catalunyak, CUPek, UPNk, Foro Asturiasek eta PRCk. Azken horrek baiezko botoa eman behar zuen, baina atzera egin du PSOEk eta ERCk egindako akordioaren edukiaren berri izan ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak