Politika -
Negoziazio polemikoa
EAJk zalantzan jarri du EBk PPri Araban emandako babesa doan izan dela
Mikel Arana Ezker Batuaren koordinatzaileak uste du Madrazok alderdia uzteko erabakiak ziklo bat itxi duela alderdian eta ardura batzuk bere gain hartu dituela erabakiarekin.
Erredakzioa
Mikel Arana Ezker Batuaren koordinatzaileak uste du Javier Madrazok EB uzteko erabakiak ziklo bat itxi duela alderdian, baina erabakiarekin agerian geratu omen da EAJrekin Araban egindako negoziaketen ardura bere gain hartzen duela.
Aranak ETBko ''Plato 2.0'' saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, ezinbestekoa da ikerketa zehatza egitea lanpostuak exijitu zituen negoziazio mahai horretan nork parte hartu zuen jakiteko. Gainera, negoziazioa Madrazok bideratu zuela esan du.
Ezker Batuaren koordinatzaileak ez du baztertzen Arabako Aldundian PPko ahaldun nagusiaren kontrako zentsura mozioa aurkeztea.
Iñaki Gerenabarrena EAJren Araba Buru Batzarreko presidenteak, bestalde, negoziazioen nondik norakoak azaldu zituen atzoko telebista saioan. A eta B negoziazio mahaiak omen zeuden: lehenengoan Kontxi Bilbao eta David Lozano Ezker Batuko kideek hauteskunde programaren ingurukoak eztabaidatu omen zituzten, eta bigarrenean, lanpostuak eta dirua eskatu omen zituzten Javier Madrazok eta Serafin Llamasek.
Gerenabarrenaren esanetan, Xabier Aguirre ahaldun nagusi ohiak errefusatu egin zituen eskariak eta plazaratu egin zituen duintasun pertsonalagatik eta alderdikeriagatik. Negoziazioetan gertatutakoa ikusita, Iñaki Gerenabarrenak zalantzan jarri du Ezker Batuak Alderdi Popularrari emandako babesa doan izan dela, trukean ezer jaso gabe.
Hala ere, Javier de Andres ahaldun nagusiak ukatu egin du akordioak egon direla, izan ere, PPk ez omen zuen negoziaziorako aukerarik izan EAJren eta EBren arteko negoziazioak bide onetik zihoazela pentsatuta.