Politika -
Lur-jausia
EH Bilduk eta Podemosek azalpenak eskatuko dizkiote Arriolari Zaldibarkoagatik
Amiantoaz galdetuko diote, baimenik bazuen ala ez, eta koalizio abertzaleak "hondakinen kudeaketa ereduaren gabeziak" salatu ditu.
agentziak | erredakzioa
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen Legebiltzarreko taldeek azalpenak eskatuko dizkiote Iñaki Arriola Ingurugiro, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburuari atzo Zaldibarko zabortegian izan zen lur-jausiagatik. Oraindik bi langileren bila ari dira hondakinen artean.
Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkideak elkartasuna helarazi nahi izan die desagertutako langileen senideei, eta salatu du gertakariak agerian utzi dituela "Eusko Jaurlaritzaren hondakinen kudeaketa ereduak dituen gabeziak".
Oterok prentsa-ohar batean azaldu duenez, Ingurugiro Sailak hainbat kontu argitu behar ditu zabortegiarekin lotuta, "ez baitago erabat argi" amiantoa jasotzeko baimenik ba ote zuen, eta izatekotan, segurtasun protokoloak bete ote dituen.
"Beharrezko ekimen guztiak aurkeztuko ditugu zer gertatu zen erabat argitzeko eta, beharrezkoa izango balitz, ardurak eskatzeko", azpimarratu du.
Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemosen ordezkariak, berriz, Arriolaren premiazko agerraldi eskaera sartu du, Legebiltzarrean azalpenak eman ditzan.
Becerrak jakin nahi du ea nola den posible "Jaurlaritzak baimendutako zabortegi bat behera etortzea", eta nola izan zitzakeen hondakin arriskutsuak.
PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan duen taldeak ere azalpenak lehenbailehen emateko exijituko dio Aldundiari, eta "berriro gerta ez dadin Jaurlaritzari zer eskatuko dion jakinarazteko".
Azaldu duenez, Imanol Pradales Lurralde Garapenerako eta Azpiegituretako diputatuaren premiazko agerraldia eskatuko du.
Era berean, ELAk eta LABek "aurreikuspen eta prebentzio falta" salatu dute, eta hondakinak kentzen ari ziren langileek neurri berezirik hartu gabe lan egin zutela material arriskutsua zegoela ohartu arte.
Ekologistak Martxanek hondakin biltegien jarraipenik ez egitea egotzi die euskal administrazioei, eta "erabateko kontrol gabezia" dagoela salatu du.
"Euskal administrazioek ez dute beharrezko kontrola egiten zabortegien gainean, ezta horietan uzten dituzten substantzien inguruan ere, baimenak eman eta gero", adierazi du Ekologistak Martxanek ohar batean.
Talde ekologistak azaldu duenez, Jaurlaritzak 2016an eman zuen zabortegi pribatua irekitzeko baimena, eta arriskutsuak ez diren hondakinak izan beharko lituzke, nahiz eta "bazekien" amiantoa zegoela.
Hiru urtera lehenengo irregulartasunak atzeman omen zituen Jaurlaritzak, eta horren aurrean, ekologistek galdetu dute ea neurririk hartu zen horiei aurre egiteko.