Politika -

Luizia zabortegian

Urkulluk asteartean emango ditu Zaldibarko lur-jausiaren inguruko azalpenak

Harekin batera beste sailburu batzuk izango dira Diputazio Iraunkorreko agerraldian, Lehendakaritzako iturriek EiTBri baieztatu diotenez.

Lehendakaria Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Lehendakaria Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean
Lehendakariak asteartean emango ditu azalpenak Zaldibarko auziaz

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Mahaiak onartu egin du Iñigo Urkullu lehendakariak Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren lur-jausiaren inguruko kudeaketaz azalpenak ematea, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egindako eskaerei jarraiki.

Lehendakaritzako iturriek EiTBri baieztatu diotenez, Iñigo Urkullu lehendakaria bera eta beste sailburu batzuk izango dira azalpenak ematen. 

Agerraldia datorren asteartean, otsailaren 18an (09:30), izango da Diputazio Iraunkorrean (lehendakariak apirilaren 5erako hauteskundeak deitu dituenez, Legebiltzarra deseginda dago).

Mahaiak, erakundean ordezkaritza duten talde guztien aldeko botoarekin, eskari bakar gisa tramitatu du agerraldia. EH Bilduk lehendakariaren agerraldia eskatua zuen, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk hiru sailbururena (Ingurugiro, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburua; Lan eta Justizia sailburua eta Segurtasun sailburua).

Oposizioaren adierazpenak

Mahaiaren erabakia ezagutu ostean, krisiaz Jaurlaritzak egindako kudeaketa kritikatu dute oposizioko taldeek. Horiei erantzunez, berriz, Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak salatu du "hedabideetan eta sare sozialetan" Gobernuaren kontrako "kanpaina" dagoela.

Mikel Otero EH Bilduko kidearen ustez, Urkulluren agerraldia "berandu" dator, "herritarren eta oposizioen presioagatik" egin duelako: "Bere borondatez eta lehen unetik agertu behar zen, oposizioak eskatu gabe". Oterok salatu duenez, "Lehendakaria ezkutatuta egon da. Herri honek egia esatea merezi du, eta ez hainbat egunez ezkutatuta egon den Gobernu bat".

"Hemen bi erantzule daude: gauzak txarto egin dituen enpresa bat, eta hori argituko da, bide judiziala zabalik dago. Baina hemen erantzukizun politikoak ere badaude, ikuskaritza eta kontrol lanak ez ziren behar bezala egin eta hartu behar ziren neurriak, tragedia hau gertatu aurretik hartu beharrekoak ez ziren hartu.  Gertatu eta gero, lehen uneetan, izugarrizko deskoordinazioa egon da", esan du.

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere uste du Jaurlaritzak "txarto kudeatu" duela Zaldibarko "larrialdia".

Horren ustez, Jaurlaritzaren "kudeaketa txarra izan da segurtasunaren eta lan osasunaren alorrean, bai zabortegian zein larrialdi egoeran". Azpimarratu duenez, herritarrei emandako informazioa "inprobisatua eta gorabeheratsua izan da, eta euren osasunagatik kezkatuta zeuden herritarrek kalean egindako presioaren ostetik etorri da".

Azkenik, Carmelo Barrio Alderdi Popularreko bozeramaileak uste du Urkulluk azalpenak ematea "premiazkoa" dela. "Jaurlaritza, Urkullu eta bere sailburuak ezikusiarena egiten ari dira kaltetutako herritarrek duten kezka eta estutasunaren aurrean. Egiaren eta gardentasunaren unea da", erantsi du.

Halaber, ohartarazi duenez, "ez da errua hirugarren bati botatzeko unea edo erantzukizunak gainetik kentzekoa. Zalantza asko daude. Inprobisazio eta deskoordinazio iraunkor bat egon den sentsazioa dugu. Jendarteari zorroztasunez eta gardentasunez eman behar zaio informazioa, eta Zaldibarko eta inguruko herrietako biztanleengandik gertu egon behar gara".

EAJk Jaurlaritzaren kontrako "kanpaina" salatu du

Kritiken aurrean, lehendakariaren eta Jaurlaritzaren defentsa hertsia egin du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak. Azaldu duenez, Urkulluk egingo du agerraldia, "eta litekeena da beste sailburu batzuk ere ondoan izatea". Argitu du Gobernuari dagokiola nortzuk izango diren erabakitzea.

Iturrateren esanetan, Jaurlaritzaren "lehentasuna Alberto eta Joaquin, zabortegiaren hondakinen azpian desagertutakoak, aurkitzea eta erreskate lanetan dabiltzan pertsonen eta inguruko herritarren segurtasuna bermatzea da".

Era berean, nabarmendu duenez, lehendakaria eta Jaurlaritza "lehenengo minututik egon dira egoera tamalgarri honen aurrean, eta modu serioan, zorrotzean eta zuhurrean kudeatu" dute krisia. 

Horrez gain, salatu du "hedabideetan eta sare sozialetan" Jaurlaritzaren kontrako "kanpaina" dagoela, eta "giza saminaren erabilera politiko nazkagarria" kritikatu du EH Bildu aipatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zaldibar Harri-jausiak