Politika -

Tortura

1960-1978 urteen artean Nafarroan izandako tortura kasuak bildu dituzte

Kriminologiaren Euskal Institutuak egin du ikerketa, Nafarroako Gobernuak eskatuta. 1978 urtera arte 169 tortura kasu zenbatu dituzte.  

Ana Ollo kontseilaria artxiboko irudi batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Ana Ollo kontseilaria artxiboko irudi batean.
Ana Ollo kontseilaria artxiboko irudi batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru Gobernuak eskatuta, Kriminologiaren Euskal Institutuak ikerketa bat egin du 1960 eta 1978 urteen artean Nafarroan izan ziren tortura eta tratu txar kasuak dokumentatzeko.

Parlamentuak 2016an eman zion agindu hori Gobernuari, baina ikerketak hainbat traba judizial jasan ditu, Espainiako Estatuak ezarritako helegiteak tarteko. Hasiera batean, asmoa 1906tik 2016ra bitartean izandako tortura kasuak argitzea zen. Alabaina, errekurtso horien ondorioz, 1978ra artekoak soilik ikertu ahal izan dituzte.   

EH Bilduk eskatuta, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak agerraldia egin dute Parlamentuan ikerketa horri buruzko xehetasunak emateko.

Biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa zor zaiela azpimarratuta, Ollok esan du ezinbestekoa dela Nafarroan izan diren tortura kasu denak argitara ateratzea.  

Zabalzak gogoratu du ikerketa gauzatzeko diru-laguntzak jasotzea ukatu zietela auzitegiek eta, ondorioz, 1978 urtera arte mugatu behar izan dutela beren lana, Memoria Historikoaren legea baliatuta.  

Dokumentu horrek tortura testigantzak eta salaketa publikoak biltzen ditu. Poliziaren edo Guardia Zibilaren eskuetan torturak eta tratu txarrak jasan zituzten lagunen kopurua handia dela dio eta epaitegiek ikerketetarik egin ez zutela nabarmentzen du.

Kriminologiaren Euskal Agentziak 204 kasu aztertu ditu. Horietatik 169 baieztatu ditu eta gainerakoak informazio faltagatik baztertu behar izan ditu.

Ikertzaileek ezinbestekotzat jo dute 1978tik aurrera izan ziren kasuak argitzea, torturak Nafarroan izan zuen benetako eragina zein izan zen jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Polizia abusuen kasuak