Ekonomia -

Koronabirusa

Jaurlaritzak 500 milioi euro gehiago onartu ditu enpresari txiki eta autonomoentzat

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa azaltzeko asmoz Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egin duen agerraldian egin du iragarpena lehendakariak.

Langile bat Bibon. Argazkia: EFE
Langile bat Bibon.
Langile bat Bibon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresari txiki eta ertainei zein autonomoen kolektiboari bideratutako laguntzak 500 milioi eurotan handitzea onartu du Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan jakinarazi duenez. Gauzak horrela, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko helburuarekin martxan jarritako ekimena 1.555 milioi eurora iritsiko da.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa azaltzeko asmoz Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean gaur goizean egin duen agerraldian egin du iragarpena lehendakariak. Bertan, koronabirusaren aurka hartutako neurriak azaldu ditu, eta COVID-19 gaitzak arlo ekonomikoan eragindako ondorioen berri eman du.

Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak aurtengo aurrekontua berregituratu behar izan du "krisi honen ondorioei erantzuteko neurriak" hartzeko, eta, ildo horretatik, kapital zirkulatzailea finantzatzeko lerroa 500 milioi eurotan handituko dutela iragarri du, enpresa txiki eta ertain zein autonomoen "kalteak arintzeko".

Bere hitzetan, laguntza berri horrek 5.000 eurotik milioi eurora bitarteko beharrak estaltzen ditu. Urkulluk azaldu duenez, Kreditu Ofizialeko Institutuaren osagarria da, baina "baldintza hobeetan", eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du kostua, zero intereseko maileguak direlako, eta, ondorioz, ez dutelako amortizazio edo kitatze komisiorik.

Eusko Legebiltzarrean azpimarratu duenez, tresna hori "oso erabilgarria" izaten ari da merkataritza eta ostalaritza sektoreentzat, eta egunotan aztertzen ari diren espedienteen % 40 profesional autonomoei dagozkiela gaineratu du.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak orain arte hartutako neurri sozial eta ekonomiko guztiak jasotzen dituen dokumentua igorri dio lehendakariak Diputazio Iraunkorrari, eta Euskadiko elkarte sozial eta ekonomikoek parte hartzen duten Mahai sozio-ekonomikoarekin lankidetza publiko-pribatutik lanean ari direla gaineratu du.

Bestalde, hamar egun hauetan jardunera itzuli diren enpresak "normaltasunaren barruan, ia gorabeherarik gabe" egin dutela egiaztatzea "garrantzitsua" dela esan du Urkulluk. Halaber, Euskadin jarduera "apurka-apurka suspertzen" ari dela ziurtatu du.

Dena dela, Jaurlaritzak "erne" jarraituko du, laneko osasun eta segurtasun protokoloak "errespetatu eta bete" daitezen. Hala, lehendakariak ziurtatu du jardunera itzultzean enpresen barruan akordioa lehenetsi dela langileen ordezkari sindikalekin, eta, astelehen honetan, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren lantaldea berriro bildu zela gogora ekarri du.

"Ahalegina areagotu behar dugu, egindako lan guztia zapuztu ez dadin. Zorrotzak izaten jarraituko dugu, baina txertoa aurkitu arte ezin dugu gizartea erabat gelditu. Normaltasun berrirako trantsizio zuhur eta seguru baterako baldintzak bermatzea da kontua", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Koronabirusa Alarma egoera Laguntza publikoak