Itxi

Politika

EAE-KO PP-KO PRESIDENTE OHIA

Alfonso Alonsok politika utzi du, Legebiltzarrean azken eguna eman ostean

Agentziak | Erredakzioa

"Nire esker ona eman nahi dut, gizarte modernoagoa, moderatuagoa eta askeagoa beti nahi izan duten milaka herritarren interesak ordezkatu ahal izateagatik", esan du Alonsok bere agurrean.

  • Alfonso Alonso, artxiboko irudian

    Alfonso Alonso, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidente ohiak azken eguna izan du astelehen honetan politikari gisa, goizean Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean parte hartuta.

"Gaur nire azken eguna izan da, parlamentarismoko 24 urteren buruan. Nire esker ona eman nahi dut, gizarte modernoagoa, moderatuagoa eta askeagoa beti nahi izan duten milaka herritarren interesak ordezkatu ahal izateagatik. Beti izango da borrokan jarraitzeko arrazoi bat", idatzi du sare sozialetan.

Mezuarekin batera, Alonsok bere argazki bat zabaldu du, Eusko Legebiltzarreko bere aulkian eserita, irribarretsu.

Beraz, astelehen honetan izan da Alonsoren agur ofiziala, politikari gisa. Nolanahi ere, otsailaren 24an amaitu zen Euskadiko PPko lider bezala egin duen lana; egun hartan, dimisioa eman zuen, Pablo Casado PPko liderrak esan zionean ez zela lehendakarigaia izango, eta Carlos Iturgaiz izango zela PPren apustua.

Hainbat eztabaida izan zituen PPko egungo zuzendaritzarekin. Azkenean, desadostasuna agertu zuen, ez zuelako onartzen Ciudadanoseko kideak EAEko hauteskundeetarako PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioko zerrendetako lehen postuetan izatea. Hauteskundeak apirilaren 5ean egitekoak ziren, baina, COVID-19aren gaitza tarteko, atzeratu egin zituzten; lehendakariak astelehen honetan iragarri duenez, uztailaren 12an egingo dira.

Gasteizen hasi zen, 1996an, zinegotzi

Alonso Gasteizen jaio zen, 1967an, eta 1996an ekin zion ibilbide politikoari, Gasteizen bertan, zinegotzi. 2000an hautatu zuten diputatu lehen aldiz, eta, gerora, Gasteizko alkate. 2008an hasi zen berriro diputatu, eta bozeramaile laguntzailearen kargua hartu zuen bere gain; 2011ko hauteskundeen ostean, Talde Popularreko bozeramaile izan zen.

Mariano Rajoyren lehen legegintzaldian (2011-2015) Osasun ministro izan zen. Ana Mato bere aurrekoak abiatutako osasun-erreformari ukituak ematea egokitu zitzaion. 2016ko irailean utzi zion ministro izateari, PPko lehendakarigaia izateko.

2017ko martxoan, Euskadiko PPko presidente hautatu zuten berriro; hala ere, urtebete eta erdi lehenago, 2015ean, alderdiaren lidergoa hartu zuen bere gain, Arantza Quirogak dimisioa eman eta gero. Quiroga elkarbizitzari buruzko akordioa bultzatzen saiatu zen, alderdi guztien artean, EH Bildu barne, eta horrek hainbat gaitzespen ekarri zizkion alderdiaren barruan; Alonso bera ere kritiko azaldu zen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena