Politika -

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Pandemiaren aurrean "tokian tokiko erantzun burujabea" aldarrikatu du Gure Eskuk

Hamaika Gara ekimenaren baitan, Bilbon eta Lezon mobilizazioa egin dute "plazak berreskuratu eta aldarriz betetzeko". Bihar, Euskal Herriko beste 50 herri eta hiriren txanda izango da.

Bilboko ekintza gaur, Moyua Plazan. Argazkia: Gure Esku.
Bilboko ekintza gaur, Moyua Plazan.
Bilboko ekintza gaur, Moyua Plazan. Argazkia: Gure Esku.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku herri ekimenak deituta, konfinamenduaren deseskalatzearen une honetan kaleko jarduerak berreskuratu eta herritarren aldarrikapenak plazara eraman dituzte gaur Bilbon eta Lezon "Hamaika gara" kanpainaren barruan. Bihar, gauza bera egingo dute Euskal Herriko beste 50 herri eta hiritan.

Joan de martxoaren 11n jarri zuten abian Hamaika Gara ekimena, Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko asmoz, baina dena udazkenera arte atzeratu behar izan zuten koronabirusaren pandemiagatik.

Orain, konfinamendutik irteteko prozesua aurrera doala ikusita, Gure Eskuk iritzi dio badela garaia herritarrak kalera ateratzeko eta espazioa publikoa aldarrikapenez betetzeko. Hala, "Hemen erabaki, herritarrok erabaki" lelopean, herritarrei dei egiten diete bakoitzak bere aldarria kartoi zati batea idatzi eta asteburu honetan herriko plazan uzteko, aldarri guztiekin mosaikoa osatzeko.

Bilbon, Moyua Plazan izan da hitzordua eguerdian, eta herritar soilez gain, han izan dira Konpartsetako ordezkariak eta STEILAS sindikatuko kideak, bestea beste. Euren aldarrikapenak bertan utzi eta George Orwellen 1984 liburuaren irakurraldi kolektiboa planteatu dute.

Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak Euskadi Irratiko Goiz Kronikan "plaza publikoa berreskuratzeko unea" dela aldarrikatu du eta osasun krisi honi ezingo zaiola erantzunik eman "herritarrak aintzat hartu gabe". Ildo horretan, herritarrak kontuan izan eta "tokian tokiko erantzun burujabea" eman beharko zaiola pandemiaren osteko krisiari berretsi du Etxaburuk.

Gure Eskuko bozeramaileak onartu du herritarren desaktibazioaren "beldurra" badutela, baina beldur horri "aurre" egin behar zaiola: "Sinestuta gaude erabakitzeko eskubidearen alde milaka eta milaka herritar dagoela, eta Euskal Herria gizarte aktiboa dela".

Hala, udazkenera atzeratu den sinadura-bilketaren atariko, asteburu honetan kaleak hartzeko deia egin du Etxaburuk.

11:30ean, Foru Plazan egingo dute ekitaldia bihar Gasteizen, eta 12:30ean Donostian, Boulevarrean. Beste 50 herrietan ere eguerdi aldera izango dira topaketak, 11:00etatik 14:00etara, tokian toki.

Herritarrei ekitaldietara bertaratzeko deia egin die Gure Eskuk, eta parte hartzeko hiru urratsak azaldu ditu: "bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi, sareetan zabaldu eta etxetik plazara eraman".

COVID-19ak sortutako "egoerara egokitutako formatua" dela gogoratu du herri plataformak, eta parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorrotz bermatuko direla ziurtatu dute.

Nafarroako hainbat herritan, berriz, ekainaren 21ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilboko azken albisteak Donostia argazkiak Iruñeko albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Gure Esku argazkiak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zuberoa Lapurdiko azken ordua Nafarroa Beherea